Aurkezpeñak, “kartelzpenak” eta liburu aurkezpenak

Goio Arana lankideak “Ez nire kartel barik” argazki bilduma argigarria jarri du sarean. Lehendik bagenekien aurkezpeñen argazkiak biltzen zituela; orain, aurkezpenen beste ñabardura bat ekarri digu: prentsaurrekoetan erakusten diren afixekin osatu du bilduma. Ez dakit beste herrietako egunkarietan Euskal Herrian bezainbat prentsaurreko argazki agertzen den, baina Euskal Herrikoak aspaldian aspertua nauela egia da, eta pozten naiz Goiok zorroztasunez eta umorez jorratu duelako gai hori.

Euskal Herrian prentsaurrekoetara maiz jotzen da. Begi bistakoa bada ere lau lagun mahai batean gibelean jarrita agertzeak ez duela inolako interesik albistea ilustratzerako garaian – are gutxiago egunkari baten ale bereko hamar orrialdetan halako hogei argazki ageri baldin badira – horrelakoak oraino ikusten dira. Itxura guztien arabera, prentsaurrekoen antolatzaileak ohartu dira argazkia “landu” behar dutela. Aurkezpeñaren ikerketan sartu gabe (korapilatsuagoa baita), afixak erakusten dituzten argazkiez aritu nahi nuke.

Argazki horiek, gehienetan, prentsaurrekoa hasi aitzin edo bukatu ondoan egiten dira. Dudarik gabe, mahai batean gibelean jarrita baino “ikusgarriago” (“bisualago” erraten da erredakzioetan) edo dinamikoago izatea da helburua. Baina, funtsean, ez dira anitzez argazki erakargarriagoak, ez eta ere hobeak.

Goioren bildumak gogora dakarkit beste argazki mota bat: liburu aurkezpenena. Printzipioa antzekoa da, salbu argazkiko protagonista bakarra dela, taldea izan beharrean, eta afixaren ordez liburua daukala eskuan. Eta hor aritzen dira argazkilariak idazleari argazkiak ateratzen: hartu liburua horrela, eta orain zabalduta, eta orain itxita, eta orain jarri horrela, eta orain zutik… Baina beharbada, hobe argazkia libururik gabe egitea, eta liburuaren azala fitxa batean jartzea.

Eta prentsaurrekoetan? Hasteko, neurtu behar da prentsaurrekoak berezko albiste modura sartu behar diren, edo beste modu batera aipatu behar diren (baina beste baterako utziko dut gai hau). Prentsaurrekoari argazkia egin behar bazaio, nik uste hobe dela hizlariaren plano hurbilagoak egitea, hitz egiten ari den bitartean, keinuekin, begiradekin eta abar, anitzez argazki adierazgarriagoak lor daitezkeelako.

Anekdota batekin bukatuko dut. Duela urte batzuk Ipar Baionako kantonamendu hauteskundeetako lehen itzulian hautagai sozialista gaztea nagusitu zitzaion ordu arteko kontseilari nagusi komunistari. Bi itzulien artean prentsaurrekoa eman zuten sozialistek eta komunistek batera: komunistak sozialistaren aldeko bozka eskatu zuen. Bi argazki bazeuden: bat orokorra, mahai osoa erakusten zuena, lau edo bost lagunekin; bestean bi hautagaiak ageri ziren, sozialista gaztea mintzatzen besoen mugimendua nabari zuela, eta atzean komunista zaharra triste antzera. Bigarren argazki hori argitaratzeko eskatu nuen, baina hastapenean lehena argitaratzekotan ziren ene lankideak, mahai osoa erakustea hobe zelakoan… nahiz eta argazki adierazgarria bestea izan eta mahaiko gainerako kideek tokirik ez izan artikuluan.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s