Murrizketak hedabideetan

Murrizketak hedabideetan

(Atabala blogean argitaratutako artikulua, azaroaren 21ean)

Allande Boutin France 3 Euskal Herri albistegiko kazetariak argi azaldu du zein egoera ilunaren beldur diren. France 3 telebista publikoa hasi da lehen murrizketak egiten: Domusantuko oporretan eta Eguberrikoetan ez da izanen France 3 Euskal Herri albistegi lokalik. Funtsean, murrizketa bat da. Lehen urrats bat baizik ez dela uste dute albistegi horretako langileek, eta mobilizazio handiak izan dira Ipar Euskal Herrian, albistegi horren mantentzearen alde.

France 3 telebista publikoak hiru solairu ditu: Frantzia mailakoa, eskualde administratibo mailakoa (Ipar Euskal Herrian, Akitania mailakoa) eta tokikoa. Ipar Euskal Herriko deskonexioa egunero bost minutukoa da. Duela hogei urte sortu zuten, eta egunero 40.000 ikusle dauzka. Bakoitza beregaina da, baina elkar elikatzen dute (Iparraldeko erredakzioak albistegi lokalerako ekoizten duena, eskualde mailakoan edo Frantziakoak zabaldu dezakete, gaiaren arabera).

Dirua aurreztu behar dutelakoan, egun hauetan ez dute albistegirik egiten, oporretan gai gutxiago dagoela iritzita. Ez zaie bada garai hoberena gertatu oporretan albistegirik egin gabe egon daitekeela frogatu nahi bazuten: Aurore Martinen kasua ezin dute landu. France 3 Euskal Herriko langile batzordeak dio enpresak estrategia txarra duela, kudeaketa txarra egiten duela eta ez dela egia benetan aurreztu dezaketenik horrelako neurriekin.

Horregatik dira beldur hurrengoan murrizketa gehiago izango dela, adibidez bost minutu eskaini beharrean 90 segundura mugatuko dutela saioa.
Ez da France 3-ren kasua bakarrik. Ez da hedabiderik libratzen egoera honetatik. Baina France 3 hedabide publiko bat da: Iparraldeko etxe bakoitzak urtean 123 euro ordaintzen ditu telebista eta irrati publikoa finantziatzeko; Frantziako Gobernuak iragarkiak kendu zituen telebista publikotik, 20:00etatik aurrera. Zergak berdin-berdin ordaintzen ditugu, eta urtetik urtera gero eta garestiago. Ez da onargarri zerbitzu publiko hori murriztea, are gutxiago, ikusita programa horrek zer arrakasta duen.

Telebista publikoa da ETB ere, eta hodei beltzak ageri dira haren zeru gainean. Krisiak denetan jotzen du gogor, baina hedabideen arloan murrizketak egitea ez da sanoa gizarte demokratiko batean. Bermatu beharreko zerbitzu publiko bat da. Kontuan hartu behar da ez dela euskarazko hedabide bakarra. Beharbada euskarazko hedabideen sarea eta honen finantziazio publikoa birpentsatu eta berrantolatu beharko litzateke; baina multimediaren mende honetan, kontraesankorra eta pentsaezina litzateke erakunde publikoek sektorea ahultzen uztea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s