Batzuen beroa, besteen hotza (edo pasioa eta arrazoia)

Igandean ehun milaka lagunek manifestazioa egin zuten Parisen, homosexualei ezkontza eskubidea emango dien legearen aurka. Telebistan erakutsi zituzten manifestazioko irudietan deigarria egin zitzaidan manifestazio alaiaren itxura: beste gisan mezan serio-serio irudikatuko nituzkeen zahar batzuk (eta baita gazteak ere) dantzan edo kantuz besoak mugituz kameren aitzinean, mezu baikor bat zabaltzen balute bezala, “naturaltasuna” edo “begi bistakoa” aldarrikatzen, beren bihotz barnetik mintzo, edo itxura hori emanez. Antzerki hutsa iruditu zitzaidan jarrera artifizial harekin, dudan egon zitezkeenak erakarri nahi zituztela zirudien: “begira zein ederra eta alaia den gure mundua, gure ikuspegia”. Konbentzituak ziren bide zuzena haiena zela eta badirudi beren pasio hori kutsakorra dela uste zutela.

Duela zenbait urte, Joan Paulo II.-a Lourdes-era joan zen. Autobusa atera zen Baionatik goiz hartan, eta autobusa hartu zutenekin mintzatzera joan nintzen artikulu bat idazteko. Haien artean bikote gazte bat zegoen, oporrak Euskal Herrian igarotzen ari zena. Aita Santua nora eta oporretan hara (edo inguru hartara) joaten zirela azaldu zidaten. “Zergatik?”, galdetu nien. Eta beren pasioa, beren bihotzeko deiaren sakontasuna transmititu nahi izan zidaten. Orduan ere iruditu zitzaidan uste zutela haientzat hain begi bistakoa, naturala eta sakona zen sentimendua adieraztea nahikoa zela besteok ere konbentzitzeko edo konbertitzeko.

Haien beroak ez ninduen kutsatu, eta berdin hotz jarraitu nuen. Igandean manifestazioan hain alai ikusi nituenek ere ez naute iritziz aldarazi. Baina ohartu nintzen Euskal Herriaz deus ez dakien bati Euskal Herriarekiko eta euskararekiko atxikimendua azaltzean, naturaltasuna, pasioa edota bihotzetik heldu den zerbait aipatzen banion, parekoa berdin-berdin hotz geldi zitekeela.

Advertisements

One thought on “Batzuen beroa, besteen hotza (edo pasioa eta arrazoia)

  1. Norvegiako egotaldian izan nituen nik ere begi hotzak begira, euskaldun izatearen esangura azaltzen saiatzen nintzenean. Aita Santuaren arabera oporrak antolatzen dituzten bikotea letxe sentitu nintzen behin baino gehiagotan, hain natural bizi eta sentitzen dugun euskaldun izaeraren aurrean, hotz begiratzen ninduten askotan: “eta zergatik nahi duzue independiente izan?” Pasioak ere ez zuen funtzionatzen…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s