Legea edo suprefetaren aitzakiak

Patrick Dallennes Baionako suprefeta berriak (gaur hartu du kargua) argi utzi du Herriko Etxe batek (kasu honetan, Hendaiakoak) zergatik ez dezakeen ikastola baten eraikuntza diruz lagundu: “eskola publikoa diru publikoarekin eraikitzen da; eskola pribatua diru pribatuarekin”. Ez erran euskararen kontrako “eraso” bat dela, hori ez du onartzen: legea lege da, denentzat. Imajinatzen dut erraten: “ni euskararen kontra? Ez, segurki! Euskara aberastasun bat da. Baina Errepublikako legeek ez dute baimentzen euskarazko eskola pribatua diru publikoarekin ordaintzea. Errepublikako printzipio bat baizik ez dut defendatzen. Ez du deus ikustekorik hizkuntza kontuekin”.

Noizko legeaz ari gara, bada? 1850eko lege batez! Frantziak bere lurraldea frantsesteko (garai hartan Frantziako biztanleen gehiengoan ez baitzekien frantsesik) sekulako indarrak jarri zituen garaiko lege batez! Geroztik – ustez bederen – hizkuntzekiko jarrerak aldatu dira. Ipar Euskal Herrian euskararen irakaspenak lehen ez zuen babesa dauka. Eta nork eskaintzen du irakaskuntza hori modu egokienean? Ikastolek! Eta zergatik dira ikastolak eskola “pribatu”? Frantziak beti baztertu dituelako.

Azken 20-25 urte hauetan, ordea, Seaskaren eta Frantziako Gobernuaren arteko hitzarmena badago irakasleak ordaintzeko. Ez dago lege salbuespenik tokiko erakunde publikoek tokiko eskola horiek diruz laguntzeko. Hautetsi guztiek badakite hori: denek badakite beren herriko ikastola eraikitzen laguntzen baldin badute, legearen bazterretik dabiltzala. Baina denek ixten dituzte begiak, eta segi aitzina. “Ikastola herri eskola” leloa sartua da Iparraldeko gizartean, eta hautetsi gehienek ere ulertua dute ikastolek zerbitzu publiko beharrezko bat eskaintzen dutela.

Beraz, suprefeta ez dela euskararen kontra? Zerbitzu publikoa eta Errepublikaren legea defendatu nahi dituela? Hori bera! Eta zergatik ez du planteatzen, bada, legea aldatzea edo egokitzea izan daitekeela aterabidea? Hobe du isilik egotea lehen egunetan, eta behar duen denbora hartzea hemen gauzak nola dabiltzan ulertzen hasteko, holako aitzakia merkeak botatzeko ordez, ez badu nahi XIX. mendeko atzerakoi eta kolonialista gisa ikusia izan.

Advertisements

One thought on “Legea edo suprefetaren aitzakiak

  1. Pingback-a: Txio astea II | Xomorrito

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s