Kontsentsuak eta zatiketak, politikan eta kulturan

Azkenaldian badago eztabaida bat twitterren (Beñat Sarasolaren eta Aitor Sarriegiren artean, hasieran) hasi eta prentsan (Juan Luis Zabalaren erreportajea, besteak beste) eta blogetan garatu dena gerora, bertsolari/idazle gaiaren inguruan. Azkenik, kontsentsuaren eremura ekarri du eztabaida Gorka Bereziartuak, kulturan zentratuz. Gogoeta hori, politika arlora eramango dut orain, gero kulturara itzultzeko. Kontsentsuaren edo adostasunaren inguruan, politikan, muturreko bi jarrera badaude, mugimendu abertzalean bederen (Ipar Euskal Herriko adibideak dauzkat buruan bereziki). Azken hamarkadetan zehar izan dira zatiketak, batasunak, berriro zatiketak, eta berriro batasunak. Fase bakoitzean badaude alergia batzuk.

Zatiketa garaietan beti agertzen dira batzuk, denen gainetik baleude bezala, zatiketak guztiz arbuiatuz eta batasunerako deiak eginez, nahiz eta zatiketaren muinean desadostasun sendoak eta, epe motzean bederen, gainditzeko zailak izan. Orduan gaitzesten dituzte “alderdikeriak” eta goraipatzen “herria”, politika hori baino anitzez konplexuagoa dela ahantziz.

Batasun garaietan (adibidez Abertzaleen Batasuna egituratzean, Euskal Herria Bai garatzean), ordea, beti badira prozesu horiek begi txarrez edo mesfidantzaz ikusten dituztenak. “Zertarako behar da batasuna egin, zergatik ukatu desadostasunak, baldin badaude?”. Eta eztabaida horietatik ateratzen dira istorio zaharrak, programa politikoetako ñabardurak azpimarratzen dira, alderdi bakarraren mamua astintzen da eta abar. Politika ideien konfrontazioa dela eta iritzi batzuk bateraezinak direla diote, baitezpada batasuna bilatu nahi izatea iritzi aberastasunari uko egitea balitz bezala.

Politikan, ordea, ezin zaio eztabaidari uko egin, elkarrengandik hurbil edo urrun dauden hainbat programa eta proiektu politikoren arteko desberdintasunak direlako politikaren muina. Hori interes “orokorrago” batzuen izenean ezkutatzea edo desadostasunei uko egin nahi izatea, baitezpadako kontsentsua lehenetsiz, inuzentea izatea da. Baina politikaren beste muina desberdinen arteko akordioak egitean oinarritzen dela ukatzea ere ez da anitzez hobea. Erakunde bat gobernatzeko, edo kontra-botere eraginkorra antolatzeko, akordioen bidea da normalena. Eta horretarako, hautsi-mautsiak egiten dira, adostasunak bilatzen dira, desadostasunak armairu batean uzten dira, lehertzen diren arte.

Proiektu politiko kontrajarrien, eztabaidaren eta akordioen etengabeko oreka bat da politika. Eta plaza publikoan ikusten duguna baino anitzez korapilatsuagoa eta konplexuagoa da. Adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ingurumen arloan egun hauetan Aitziber Saroberen eta Jon Peli Urigenen izan den eztabaida izotz-mendiaren ageriko zatia baizik ez da. Ez dut erran nahi dena publikoki zabaldu behar dela, baina eztabaida politikoen gardentasun faltaz hitz egin nahi nuke.

Plaza publikoan (prentsan bereziki) agertzen den eztabaida politikoa, antzerki baten gidoia zorrotz betetzen duten alderdi politiko eta erakundeetako ordezkarien erretorika edo komunikazio ongi definituetara mugatzen da. Eztabaida politiko errepikakor, aspergarri eta pobre horrek sortzen duen aparra harrotzeko ordez, uste dut denentzat anitzez interesgarriagoa litzatekeela gaiak gehiago sakontzea eta naturaltasunez hartzea alderdi baten barneko eztabaidak.

Alabaina, gorago aipatutako muturreko bi jarrerez aparte, nahiko onartuta badago ere politika alderdika antolatzen dela eta alderdien arteko desadostasunak eta kalapitak politikaren parte direla, alderdi politikoen barneko tendentzia desberdinei buruzko informaziorik edo eztabaidarik ez da maiz ateratzen plaza publikora eta prentsara. Are gehiago, gaizki ikusia da alderdi baten barneko eztabaidak publiko egitea: etxeko sua etxeko hautsekin estali behar omen da.

Niri, ordea, guztiz naturala iruditzen zait alderdi batean iritzi edo tendentzia bat baino gehiago izatea, eta ez zait gaizki iruditzen tendentzia horiei buruz gardentasun gehiagoz komunikatzea eta alderdietako zenbait eztabaida edo gogoeta fase publiko egitea. Horrela, prentsako politika sailak berak ere aberasgarriagoak izango lirateke. Are gehiago, ez zait sanoa iruditzen alderdi bateko zuzendaritza berritzerakoan, hautagaitza bat baino gehiago dagoenean, alderdiaren barnean zatiketa giroa edo zatiketa arriskua ikusteko joera. Normalena izan behar litzateke hautagai bat baino gehiago izatea alderdi bateko zuzendaritzarako, eta anormala, aldiz, alderdi barneko kohesioa baitezpada erakutsi nahi izateko obsesio hori.

Politika, alderdika antolatua badago ere eta alderdiak ildo politikoek eta ideologiek definitzen badituzte ere, ez da hain sinplea: eremu konplexua eta aberatsa da. Kultura are konplexuagoa eta aberatsagoa da. Ez dago, alderdi politikoak dauden gisan, “alderdi kulturalik”. Politikan multzoak aski erraz identifikatu daitezkeen moduan, kulturan ezin dira modu berean hesitu multzoak. Sortuko kide bat ez daiteke EAJko kide izan aldi berean. Eta kide batek alderdia uzten badu, dibortzioa erabatekoa da. Politikan alderdi baino anitzez kolore gehiago dagoela erranik, kulturan are kolore gehiago dagoela uste dut, eta kolore horien arteko konbinaketak politikan baino anitzez gehiago. Politika hesiz inguratutako pentzez osatuta dagoen eremua den bezala, kultura hesirik gabeko eremu zabala da. Politikan, ardiak ezin dira pasatu pentze batetik bestera. Kulturan, libre daude, multzoen arteko mugak anitzez lausoagoak dira, batzuek, beharbada, mugak garbiago ikusten badituzte ere (multzorik baldin bada): izan daiteke aldi berean bertsolari eta idazle, literaturazale eta bertsozale, Hollywood-eko produkzio bat gustura ikusi eta Atalante zinemara joatean atsegin hartu. Diziplinen arteko zubiak eta elkarlanak ere ez dira eskas. Lausotasun horrek ez du erran nahi denak ados egon behar direnik eta ez dagoenik eztabaidarik: kulturan ere bada anitz eztabaida, desadostasunak atera daitezke, polemikak sortu… Baina eztabaidatzeko beste modu batzuk dira, beste helburu batzuk dituzte, ageriko eztabaida politikoak baino aberasgarriagoak dira gehienetan, eta hala segitu behar du nire ustez.

31 eskutik

Eneko Bidegain

Google Maps sekulako tresna da, eta honen mapetan oinarriturik, gure mapak sor ditzakegu, nahi ditugun informazioak txertatuz. Korrika bezalako ekimenentzat, tresna bikaina da, ibilbidea zehatz-mehatz erakutsi ahal izateko, bere webgunean egin duen bezala. Baina arazo larri bat ere sortzen du, euskaldun gisa: toponimia erdaraz da kasu gehienetan, ez bakarrik herrien izenak (Pamplona, Estella bezala), baita “calle”, “rue” eta holakoak ere.

Aterabideak badaude. Codesyntax-ekoek lan bat badute abiatua duela zenbait urte: munduko mapa euskaraz edo euskalmapa. Mapa hori oinarritzen da OpenStreetMap proiektuan. Lan handia da Euskal Herriko eta munduko herri izen guztiak edota Euskal Herriko karrika, bide eta abar guztiak euskaratzea. Baina hainbat lagun ibili da horretan. Oraindik ere gelditzen da lana. Osoki bukatu gabe badago ere, euskal mapa hori erabilgarria da, horren gainean nahi diren ibilbide edo lekuak txertatzeko.
Honek ez du konpontzen gehien erabilia den Google Maps-en arazoa: nik uste Google-ko mapetan ere behar duela euskarak…

View original post 28 more words

#egunkaria10urte (2): Ziliportak

“Zizare buztan bat badukete”, erran zidan batek: nahiz eta Egunkaria-ren kontrako operazioa zentzugabea zela iruditu, halakorik ezinezkoa zela “zizare buztanik” gabe. Zizare buztanak ez dira frogak; eta hala ebatzi zuten auzitegiek, zazpi urte geroago. Baina ziliportak gelditzen dira: aski da “terrorismo” hitza lotzea auziarekin, susmagarri bihurtzeko.

Sostengu bila abiatu ginelarik, arazorik ez genuen izan Ipar Euskal Herrian: ikaragarriko babesa jaso genuen, bai karrikan, bai kolore politiko guztietako hautetsiengandik (adibidez, PS-ko Eskualde Kontseilariak Baionako egoitzan izan ziren bisitan, Miarritzeko eta Hendaiako auzapezek beren bulegoan hartu gintuzten). Euskal Herritik kanpo, besterik zen.

Prentsaurreko bat antolatu nahi izan genuen Parisen. Horretarako Mugarik Gabeko Kazetariak eta Amnesty International elkarteekin sartu ginen harremanetan. Ez zuten gehiegi busti nahi (Kazetarien elkarteak bereziki; Amnesty Internationalek, Parisen zerbait antolatzeko, Londresko erakundearekin harremanetan jartzeko eskatu zigun, eta haiek lagundu gintuzten). Haien sostengu biziki herabearen gibelean bazegoen zizare buztanaren mamua: hitz erdika ulertarazi ziguten, Europako estatu “demokratiko” batean “terrorismo” auzi gisa aurkeztua zen eskandalu horretan, ez ziotela sinesgarritasun osoa eman nahi… Egunkaria-ri. Frantziako egunkariek ez zuten ia aipatu ere egin gertatu zena (ez eta absoluzioa ere). Bruselan, Europako Legebiltzarraren egoitzan, prentsaurrekoa eman genuean ere, Hego Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetako kazetariez aparte, ez zitzaigun nehor agertu.

Espainiak eskuak libre zituen: Europako Batasuneko estatua zen, ETAren indarkeria jasaten zuen, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorengo giroan hartu ziren neurriekin, dena zilegi zen; EB-ko estatukideek begiak ixten zituzten. Auzitegiek argi utzi dute Espainiak zuzen-kontra jokatu zuela. Hala ere, merke atera zaio. Europako diziplina kontseilu batetik pasatu al da egin zuenaz azalpenak emateko eta zigortua izateko?

Mina ez zigun euskararen eta prentsa askatasunaren kontrako bidegabekeria hark egin bakarrik. Ziliportek ere min egin ziguten, eta batzuen begietan, olio orbanen gisa, beti hor gelditzen dira.

#Egunkaria10urte (1): Ilusioa

(2013ko otsailaren 19ko Berria-n argitaratua)

Jean-Louis Caussade Gure Irratiko animatzailea zen. 1990eko uztailean hil zen auto istripuz, alaba txikiarekin batera. Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak umezurtz gelditu ziren, eta euskaltzaleak dolutan. Berri hits hark lekua izan zuen handik egun gutxira aurkeztu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren 0 zenbakian.

Ilusioa piztu zidan euskarazko egunkari bat esku artean edukitzeak; ilusioa, baita ere, ekitaldian transmititu zen baikortasun eta alaitasunak. Hilabete batzuk geroago, lehen zenbakia ekarri zuen aitak etxera, eta gero, egunero ale berria, gurasoak harpidedun egin ziren arte. Nerabea nintzen, eta Egunkaria-rekin hasi nintzen Euskal Herriko eta mundu zabaleko berriak jarraitzen, egunero.

Euskaraz izateaz aparte, Egunkariak bazuen zerbait ni guztiz harrapatzeko: Ipar Euskal Herria errespetu handiz tratatzen zuen, eta bere pisua zeukan Euskal Herriko gainerako lekuetako edota mundukoen artean. Zinezko nazio ikuspegia zeukan eta ikuspegi hori zaintzen zuen egunkaria zen.

Ez nuen irudikatzen kazetari izan nahi zuen nerabearen ametsa beteko zela handik bost urtera, Euskaldunon Egunkarian lehen ordezkapenak eginez. Anitz ikasi nuen irakurle gisa lehenik, eta kazetari gisa ondoren. Anitz zor diot Egunkariari. Eta ilusio handiz – gero eta gehiagorekin, gainera – aritu nintzen lanean, egunkari nazional on eta duin bateko parte izateaz pozik.

Motibazio eta ilusioz beterik geunden unean harrapatu gintuen gure egunkariaren itxiera bat-bateko, bortitz eta bidegabeak. Burua altxatzeko indarra ez ziguten eman haserreak eta elkartasun zabalak bakarrik: ilusio hark ere bai. Eta ilusio hura biderkaturik sortu genuen Berria, Euskal Herri osoko euskaldunei beste edozein naziotako egunkari orokorren gisako kazeta bat eskaintzeko.

Gaur egun, euskarazko komunikabideen esparrua anitz zabaldu da. Haatik, beste mehatxu mota bat daukate denek gainean: prentsaren krisi orokorra. Jasanak jasanik, ezin dira lurperatzen utzi, eta etsipena baztertuz, ilusioz eta irudimenez aurre egin behar zaie erronkei, beti segi dezagun euskarazko komunikabide duin eta garaikideekin bizitzen eta hauekin jasotzen berriak, izan tristeak edota alaiak.

 

Euskaldunak Internetekiko uzkurregago ote? [Atabala bloga]

(Atabala blogean argitaratua)

Duela zenbait aste egin genuen Xilaba bertso txapelketaren balorazio biltzarra, Senperen (Lapurdi). Besteak beste, txapelketarako ateratzen den liburuxkaz hitz egin genuen. Inprimatutako aleak gutxitzeari begira (iduriz, batzuk sobratu ziren), ideia bat bota zen talde txiki batetik, hurrengo txapelketei begira (aurtengo Txapelketa Nagusirako balio du): txapelketari buruzko informazio hori emango lukeen telefonoetarako aplikazio bat sortzea; dinamikoa izango litzateke, adibidez saio bakoitzaren ondoren puntuazioak eta, bereziki, hurrengo faserako sailkapena erakutsiko luke… Irri batzuk entzun ziren gelan, ideia xelebre bat izango balitz bezala.

Erreakzio hark kezkatu ninduen: edo gu gabiltza teknologia berrien kontuetan urrunegi, edo euskal gizartea dago (are gehiago Ipar Euskal Herrikoa) berrikuntza horiei begira atzeratuegi eta uzkurregi.

(irakurtzen jarraitu)

“Estatuko” hamar akuarium hoberenetarik bat…

Goizean Getxoko akuariumaz albiste bat entzun dut Euskadi Irratian. Akuarium horren ezaugarrietarik bat zen, “Estatuko” hamar akuarium hoberenetarik bat zela. Zein estatuko, ordea? Espainiako, bistan da! Ipar Euskal Herriko entzuleen “estatua” Frantzia dela ahantziz.

Eta Donostiako eta Miarritzeko akuariumekin konparatuz gero, non kokatzen da Getxokoa? Hobea da? Eskasagoa da? Zergatik eman behar da Espainiako erreferentzia? Espainiako (edo “Estatuko”) lehena, bakarra… holako kalifikazioak maiz entzuten dira hedabideetan. Euskal Herriko ikuspegia duen batetik (eta Euskadi Irratia hala da edo hala izan beharko luke; gainera, ordezkaritza bat badu Ipar Euskal Herrian, eta baita entzuleak ere), ez zait iruditzen informazio baliagarria eta interesekoa denik.

Norbaitek erantzun diezadake, Euskal Herriko hamar akuariumen hoberenen artean dagoela zehaztea ez dela beharrezkoa, ez daudelako hainbeste. Euskal Herriko lehena edo bakarra izatea ez dela adierazgarria ere erran daiteke, gure txikitasunaren ondorioz. Beraz, Espainia guztian lehena, bakarra edo hoberena izatea balentria gisa ikus daiteke, batzuen iritziz. Eta Frantzian edo Alemanian askoz gehiago baldin badaude edo askoz aurreratuagoak baldin badira? Zergatik konparatu Espainiarekin? Zergatik ez Europakoekin? edo 500 kilometroko diametroan daudenekin?