Urte bat, eta itxaropena galdurik

(enbata.info-n argitaratua)

Duela ia urte bat irabazi zituen Frantziako hauteskundeak François Hollandek. Eta Euskal Herrian berean, PSko kideez aparte ere, bazen bozkariatu zen jendea. Pentsatzen dut garaipen hura ospatu zuten aberzaleek bereziki Sarkozyren porrota zutela ospatu; baina, nahi hala ez, itxaropen zerbait piztu zuen Hollanderen garaipenak. Beste batzuek 1981ekoa zuten gogoan: orduan sekulako poza izan zuten abertzaleek, euskal departamendua hitz eman zuen François Mitterrand-ek irabazi zuelako. Irriak laster sartu zitzaizkien, Frantziako presidente berriak hitza jan zuelako. Baina orduan, Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoa proiektu haren kontra agertu zen, eta hori izan zen arrazoia edo aizakia departamendurik ez emateko.

Orain beste testuinguru batean gaude: lurralde elkargo baten aldeko adostasuna zinez zabala da, borroka armatuaren aroa bururatua da, Frantziak dezentralizazio erreferma handi bat egin beharra du 2014rako… Ez ditu arrazoiak falta, behingoagatik, Ipar Euskal Herriari ezagupena onartzeko. Eta hara non Manuel Valls Frantziako Barne Ministroak bazterrak inarrosi zituen, eskaera horri ezezko gogor bat emanez, gauzak ETArekin nahasiz eta abar. Dena ez da trenkatua, baina Vallsek doinua emana du: ez da fandangoa izanen.

Valls katalana da sortzez, eta hogei urterekin lortu zuen frantziar nazionalitatea, 1982an. Katalana izanagatik, ez da nehoiz agertu Kataluniaren alde Espainiaren parean. 1985ean, 23 urte baizik ez zituela, Frantziako Giza Eskubideen Liga erakundea utzi zuen, erakunde horrek gaitzetsi zuenean ETAko errefuxiatu batzuk Espainiara estraditatzea. Frantziako Barne Ministroa ez da edozein frantses jakobino, Espainiarekin lotura zuzena dauka, eta beraz Euskal Herriaz daukan ikuspegia ere berezia da. Eta postu aski garrantzitsua dauka Frantziako Gobernuan, euskaldunen edozein itxaropen zapuztu ahal izateko.

Ez omen zuen deus ikustekorik Aurore Martinen atxiloketarekin. Nahi duenak sinets beza. Baina lurralde elkargoari buruzko adierazpenetatik egun gutxira nola atxilotu zuten ikusiz, dudak ukaitea zilegi da. Hendaiako ikastolaren inguruan sortu zen zalapartatik ere ez bide zen biziki urrun ibili. Martxoan jakin dugu hizkuntza gutxituen euroagiria ez duela berretsiko Frantziak. Alta, hori hitz emana zuen Hollandek.

Urte bat baizik ez da iragan, eta Hollanderen gobernuak dezepzioak baizik ez dizkigu eman. Harritu behar dugu? Beharbada ez, baina gogora ekar dezagun, berriz ere, testuingurua aldatu dela, eta bake prozesuaren aitzinamenduaren arabera batetik, eta Iparraldeko mugimendu politiko eta sozialaren garapenarekin bestetik, mementoko ezezkoak ez direla behin betikoak izanen, agian.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s