Vallsen adierazpenetan, baikortasun izpi baten bila

Duela zenbait urte, Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministro zen garaian, euskal departamenduaren aldarrikapenak bazuen indar handia Ipar Euskal Herrian, Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea eta euskararen ofizialtasunaren aldarrikapenekin batera. Sarkozyren bisita ere espero zen Ipar Euskal Herrira. Frantziako erakundeen dezentralizazio prozesu bat zegoen martxan. Ekitaldietariko bat, Bordelen izan zen, eta han mintzatu zen Nicolas Sarkozy. Ipar Euskal Herriko hautetsi batzuek euskal departamenduaz galdera egin zioten. Sarkozyk, ordea, ez zion galderari erantzun. Euskal Herriko hainbat hedabidek azpimarratu zuten Sarkozyk ezetz erran ziola euskal departamenduari. Baina hori ez zen zuzen: ezezko erantzuna eta erantzunik ez ematea ez direlako gauza bera. Ekintzetan, Sarkozyren jarrera ezezkoa izan zen; hitzetan, ez. Ez bederen Bordeleko hitzaldian. Ipar Euskal Herria etorri zenean argiago agertu zen kontra.

Manuel Valls berriz ere mintzatu da euskal departamenduaz edota Lurralde Elkargoaz. Hedabideek azpimarratu dute ezezko erantzuna eman duela, berriz ere. Ñabardurak ez dira gutxietsi behar, eta iruditzen zait aldaketa bat badagoela haren jarreran.

2012ko urriaren 29an, El Pais egunkariari eskaini zion elkarrizketan ahoan bilorik gabe erran zuen ez zela Ipar Euskal Herriaren ezagupenik izanen:

no habrá un País Vasco francés en la próxima ley de descentralización. No habrá una estructura administrativa vasca, no queremos abrir ese debate. Tenemos las cosas muy claras y mientras ETA no entregue las armas seremos inflexibles.

Atzo, 2013ko maiatzaren 30ean, Bordeletik hurbil mintzatu zen, eta erran zuen Ipar Euskal Herriko departamendua edo Lurralde Elkargoa sortzea ez dela Frantziako Gobernuaren aipagaietan.

“Je peux vous dire avec la plus grande netteté que ni un département basque ni une collectivité territoriale ne sont à l’ordre du jour du gouvernement”

Valls-en adierazpenetik atera dezakegun ondorioa da departamenduaren edota lurralde elkargoaren gaia ez dela Frantziako Gobernuaren gai zerrendan. Ez besterik. Gaur ez dago zerrendan, baina bihar? Urrian ezezko garbia erran zuen. Nahiz eta atzoko erantzuna ere ezezko modura uler daitekeen, ezezko ahulagoa iruditzen zait. Bereziki, kontuan hartuta, argudioa bera aldatu duela. Orain ukatu du aldarrikapen hori ETArekin lotu zuenik urrian. Aski erreakzio gogorra iritsi bide zitzaion bere belarrietaraino, ulertzeko sekulako astakeria bota zuela. ETAk armak dauzkan bitartean gogor egonen zirela erran baldin bazuen, beste gisa batez ere uler zitekeen erran zuena: ETAk armak itzultzen baditu, Frantziak jarrera aldatuko lukeela interpreta zitekeen.

Orain, argudio gisa erabili du Konstituzioa:

“Il peut y avoir des propositions, des manifestations, des forums, mais ces propositions n’ont de sens que si elles se situent dans les lois de la République et dans le cadre de la constitution”

Hots, irekita agertu da “tokiko berezitasunak” onartuko lituzkeen eta Konstituzioak baimentzen duen beste edozein formuletara: herri elkargoak, (jadanik existitzen ez den) ‘pays’ egitura… Berria-k gogorarazi duen bezala, Lurralde Elkargoaren proposamena landu dutenek ongi landu dute beren proposamena, Frantziako Konstituzioa errespetatzea bermatzeko gisan. Ondorioz, Valls-ek berak eman die arrazoia Lurralde Elkargoa aldarrikatzen dutenei.

Ez dela “gai ordenean”? Noizbait gai ordenean jarriko dute, bai. Bitartean, zazpi egin ahalak egin beharko dira Frantziako Gobernuko gai ordena aldatzeko.

Luzerako bidaia San Juanera

31 eskutik

Eneko Bidegain

Behin, Kortatuk Arrangoitzen eman zuen kontzertu batean, Fermin Muguruzak «Gabon Arcangues» oihu egin omen zuen. Anekdota horren berri hamabost urte geroago entzun nuen.

Anekdota horretatik harago, Ipar Euskal Herriko herrien izenak gaizki errateko joera nahiko zabala nabaritzen dut Hego Euskal Herriko hainbat jenderengan. Zenbat ez dira joaten Angletera erosketak egitera Angelura joateko ordez? Edo zenbat ez dira joaten egun pasa San Juan de Luzera? Behin euskarazko afixa batean ikusi nuen «San Juan de Luzerako ateraldia» lerrotik bururatu zait artikulu honen izenburua. Pentsatu nahi dut ateraldia aski luzea izan zela, gutxienez Donibane Lohizune ikasteko bezain luzea.

Bitxikeria gehiago ere entzuteko ohitura badaukagu: Urruñe, Bidart, Azkain… Eta zenbatek uste dute Lapurdiko hiriburu historikoa Ustaritz edo Ustaritze dela? Eta Laburdi erraten dutenak ere badira. Eta horrela idazten dutenen edo mintzo direnen artean, batzuk oso euskaltzaleak eta abertzaleak dira.

Are gehiago harritu ninduen beste bitxikeria bat entzun nuen behin, errepideko arazoen berri…

View original post 53 more words

Lurralde Elkargoaren inguruko batasun harrigarriaz

Hego Euskal Herritik Iparraldera begiratzen dutenek harriduraz hartzen dute Lurralde Elkargoaren inguruan lortu den batasuna: alderdi abertzale guztietako jendea, PS, Modem eta UMPko kideak, erakundeak (Merkataritza Ganbera, Garapen Kontseilua), sektore sozioekonomiko zabala… sekulako batasuna lortu da Ipar Euskal Herriaren ezagupena bermatuko lukeen erakunde berezi bat galdetzeko. Departamendu bat baino zerbait gehiago, erregioaren eta estatuaren zenbait eskumenekin.

Duela hamabost bat urte indar anitz bildu zen euskal departamendu baten aldarrikatzeko, baina inondik ere ez hain batasun zabala. Orain departamendu soil bat baino gehiago galdetzen duten horietarik batzuk ez ziren euskal departamenduaren alde 1999an.

Gauzak anitz aldatu dira, baina aldaketak ez dira bat-batekoak izan; prozesu luze baten emaitza da. Frantziako deszentralizazio proiektuaren harira, eta « pays » egitura desegitearen ondorioz, orain arteko erakundetze minimo horrekin konformatzen zirenak mugitu dira. Aspaldi du abertzaleek eta abertzaleak ez ziren hainbat hautetsik (ezkerrekoak eta eskuinekoak) erraten zutela Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua botererik gabeko erakundeak zirela eta Ipar Euskal Herriak hori baino zerbait gehiago behar zuela. Kontrakoek, ordea, zioten bi Kontseilu horietan egiten ziren gogoetek eta adosten ziren eskemek eragina zutela, gero, erakunde ofizialetan hartzen zituzten erabakietan.

« Pays » egitura desegiteak bizkortu du jende horrek iritzia aldatzea, orain arteko lan egiteko modu hori arriskuan ikusi dutelako. Baina ez ote dute ere, nonbait, aitzakia ederra ikusi, eramanezina bihurtzen ari zitzaien jarrera aldatzeko? Alabaina, euskal departamenduaren kontrako postura harturik, nola justifika zezaketen alde bihurtzea? Arrazoi bat behar zuten, eta deszentralizazio prozesu hori izan da arrazoietariko bat. ETAk borroka armatua behin betiko uzteak ere lagundu omen ditu urrats hori egiten.

Baina urrats hori ez zuten eginen euskal departamenduaren (orain Lurralde Kolektibitatearen) aldeko jarrera ez balitz hain zabala izan, ez balu halako indarra izan. Zenbait jakobino porrokatu kenduta, Ipar Euskal Herriko politikarentzat ez zen bideragarria kontrako jarreran tematzea. Departamenduaren aldeko iritzia zinez zabaldua zen Ipar Euskal Herrian, eta hori begi bistan zeukaten. Gainera, ikusiz hainbat hauteskundetako giltza abertzaleek dutela (bereziki udal hauteskundeena), politikari anitzi komeni zitzaien jarrera ireki hori hartzea.

Adostasun zabal hori etorri da, azken hogei urteetan, tendentzia politiko guztietako eta sektore politiko, kultural eta sozioekonomikoko jendea elkarrekin lan egiten aritu delako. Garapen Kontseilua maiz kritikatu dute abertzaleek, hori ez zelakoan eskatzen zena, ontzi huts bat zelakoan, autonomiaren aldarrikapena ezeztatzeko taktika bat zelakoan… Baina bertute bat aitortu behar zaio: elkarrekin lanean jarri ditu ibilbide, iritzi eta proiektu politiko kontrajarriak zituzten pertsonak. Elkarlan horren bidez, ikuspegi trukatze bat gertatu Ipar Euskal Herriaren izaera ekonomikoaz, linguistikoaz edo kulturalaz; eta zenbait proiektu obratu dira edo zenbait politika egokitu, gabeziak gabezia eta desadostasunak desadostasun. Argi dena da 90eko hamarkadan elkarrekin marraztu zuten Ipar Euskal Herria ez dela 70eko eta 80ko hamarkadetan hartzen ari zen itxurakoa.

Lan dinamika horrek anitzi begiak ireki arazi dizkie (batzuei lehenago, beste batzuei geroago), eta balio izan du Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren mugak agerian uzteko eta euskal departamendu edo erakunde berezi baten beharraz ohartzeko. Balio izan du ere horrelako aldarrikapen baten inguruan, lehenago pentsaezina izan zitekeen batasunak sortzeko. Zubi lan horren fruitua izan da, hein handi batez, Lurralde Elkargoaren inguruko adostasun zabal horren eraikuntza.

Bistan dena, ez litzateke halako adostasunik lortuko independentzia aldarrikatzeko balitz; indar harremana ez delako independentzia aldarrikatzen dutenen alde. Baina, gutxienez, Lurralde Elkargoaren alde diren guztiek errespetatzen dute batasun horretako bakoitzaren jarrera independentziaren gaiari begira. Geroak erranen du zer bide egiten duen independentziaren aldeko jarrerak, baina oraingoz, batasun ikusgarria lortu da, urteetako elkarlanari esker.

(enbata.info-n argitaratua)

Noiz da amaren eguna?

Gaur, amaren egunaren harira, hainbat euskal twitterlari amaren abizenarekin agertu zaizkigu. Nik dakidala, heldu den igandean ez da amaren eguna ospatuko, ez ene etxean bederen. Hain zuzen, amaren eguna estatu batetik bestera egun desberdinetan ospatzen da. Ipar Euskal Herrian, Frantziako ohiturari jarraikiz, maiatzeko azken igandean ospatzen da (edo ekaineko lehenbizikoan, azken igandean Mendekoste baldin bada). Amaren eguna, Hego Euskal Herrikoek ospatuko dute heldu den igandean, maiatzeko lehenbiziko igandean ospatzen baita Espainiako estatuan.

Eta Euskal Herrian noiz ospatu behar dugu, beraz? Espainiarrek bezala, maiatzeko lehen igandean? Frantziarrek bezala, azken igandean? Beste proposamen bat egingo nuke.

Espainiaren egun berean ospatzen duten estatuak bost dira (Espainia,Hungaria eta Lituania, Mozambike eta Portugal). Frantziaren egun berean ospatzen dutenak, aldiz, zortzi (Algeria, Dominikar Errepublika, Frantzia, Maroko, Haiti, Maurizio, Suedia eta Tunisia). Anitzez gehiago dira, ordea, martxoaren 8an ospatzen dutenak (19 estatu). Beste hainbestek ospatzen dute martxoko ekinokzioan. Baina, bereziki, maiatzeko bigarren igandea da estatu gehien-gehienetan amaren eguna ospatzen dutena, hala nola munduko 83 herrialdetan (Europako herri hauetan: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovakia, Finlandia, Grezia, Herbehereak, Islandia, Italia, Kroazia, Liechtenstein, Malta, Suitza, Txekiar Errepublika, Ukraina eta Zipre).