Lurralde Elkargoa, gazi ala gozo?

Ekainaren leheneko manifestaziotik landa hainbat berri eta gogoeta idatzi da Lurralde Elkargoaren aldeko manifestazioaz eta Frederique Espagnac PSko senatariak aurkeztu zuen emendakinaz. 6.000 lagunekin, manifestazioa ez dela espero zen bezain handia izan diote batzuek, eta kontsolamendu baten bila ibili dira beste batzuk, hasiera bat baizik ez dela azpimarratuz.

Kopuruari dagokionez, hainbat gogoeta burura etorri zaizkit:

  1. Manifestazio historiko gisa iragarri zuten hitzordua. Horrek beti dauka arriskua: eta ez badira esperotako 10.000 edo 15.000 lagunak biltzen? Halako iragarpenik egin gabe, ordea, 6.000 lagun biltzeagatik dezepzionatzeko ordez, aiseago izanen zen balorazio baikorra egitea.
  2. Jendea mobilizatzerako garaian, bazegoen desberdintasun handi bat, eta bat egiten dut Mikel Asurmendiren analisiarekin. 1999ko manifestazioan ez bezala, aldi honetan, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko hautetsi eta arduradun sozioekonomiko gehienak (diputatuak eta senatariak barne) eta alderdi politiko guztietako kideak batera agertu dira aldarrikapen honen inguruan. Batasun historiko hori, aldi berean, ez ote da izan, mobilizaziorako akuilu izan beharrean, manifestaziora joateko premiarik eza senti araztearen arrazoia? 1999an ere bazegoen batasun zabal bat, baina ez hain handia. Eta bereziki, orduan aldarrikapena mugimendu sozialetatik hasi zen, eta aldi honetan instituzioetatik.
  3. Hego Euskal Herritik jendea trumilka etorriz gero, posible izanen zen kopuru handiagoetara heltzea, beste manifestazio batzuetan gertatu izan den bezala. Baina orduan, Hendaiako ikastolaren aldeko manifestazioaren antzera, botereak erran zezakeen “manifestazioaren garrantzia ez zela erreala”. Aldi honetan, Hegoaldetik 1999an baino jende gutxiago zegoela iruditu zait.
  4. Manifestari kopuruak ez dira garai guztietan berdin eman. Aldi honetan, kazetariek zenbatu dutena eta antolatzaileek eman dutena nahiko antzekoak izan dira. Poliziarenak, ohi bezala, apalagoak, baina ez beste batzuetan bezainbat. Antolatzaileek ez dezakete orain erran 1999an ez zirela 12.000 edo 10.000 lagun bildu. Baina orduko manifestazioetan antolatzaileen araberako kopuruak larunbatean baino urrunago ziren kazetariek zenbatutakoetatik. Horrek ere sortzen du itxaropena edo helburua abiapuntu oker batetik finkatzea, eta dezepziorako bidea zabaltzea.
  5. 6.000 laguneko manifestazio bat handia da, Ipar Euskal Herrirako. Bilbon 60.000 lagun biltzea bezala. Handiagoak izan dira, baina ez da gutxiestekoa.

Hots, batzuek aldarrikapena ahulduta atera dela erakutsi nahi badute ere, halako ondoriorik ez daiteke atera. Lurralde Elkargoaren aldeko dinamika zapuztu dezakeen beste arrazoi bat balitz bezala, kezkaz begiratu zaio Espagnac-en metropolio proposamenari. Dudarik gabe, larunbatean manifestarien txaloak jaso zituen senatariak mugimendua edo aldarrikapena saldu duela diotenek badute kexu izateko arrazoirik.

Espagnac-ek egin duen proposamena, itxura guztien arabera, Frantziako Gobernuaren babesarekin egin du. Begi bistakoa zen, Manuel Valls-ek jarrera gogorra erakutsirik ere, ezin zutela ezezkoan tematu denbora guztian, eta beste aterabide bat (ogi porroska batzuk) bilatuko zutela, mugimendua lasaitzeko edo zatitzeko asmoz. Ez dirudi, ordea, helburua beteko dutenik. Oraingoz, Batera plataformak kritikatu du Espagnac-en xedea, eta baita Max Brisson eta beste zenbait politikari ez abertzalek ere. Metropolio proiektuak ez dio erantzuten onartutako xedeari, eta sozialistek salbu, gainerakoek, tinko eusteko asmoa erakutsi dute.

Ateratzen dudan ondorioa da Lurralde Elkargoaren aldarrikapena ez dela bide erdian geldituko, nahiz eta Frantziako Gobernuak Metropolio delako hori eman. Pentsatu nahi dut Alderdi Sozialistako hautetsiak ez direla bat-batean Lurralde Elkargoaren aurkari bihurtuko, metropolioa lorturik, abertzaleek independentziaren ideia abandonatuko ez duten bezala Lurralde Elkargoa lorturik ere.

Beraz, gertatzen dena gerta, etorkizuna badu Lurralde Elkargoaren aldarrikapenak. Martine Bisautak ederki dion bezala, “bide parlamentarioa estuegia da, guk Gobernuaren erantzun politikoa nahi dugu”. Garapen Kontseiluan dabilen batek duela zenbait egun erran zidan Hollanderen legealdi honetan ez dela izanen Lurralde Elkargorik, baina denen artean zazpi egin ahalak eginen dituztela, 2017ko Frantziako presidente izateko hautagai nagusi guztiek Lurralde Elkargoa sortzeko konpromisoa har dezaten.

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s