Lurralde Kolektibitatea eta Udalbiltza

Argi gelditu da Frantziako Gobernuak ez duela onartuko Ipar Euskal Herriarentzat Lurralde Kolektibitatea sortzea. Azkenaldian indarra hartu duen soka-tirak segitzen badu, eduki dezakegu itxaropen pixka bat, baina heldu den legegintzaldirako. Orain lor daitekeena da 2017ko Frantziako lehendakarigaiek babestea lurralde kolektibitatea. Baina babes horrek berak ere ez luke bermatuko gero hitza beteko dutenik. Frantziako Gobernuaren beha baldin bagaude, oraino hamarkada luzetan egonen gara ezagupen instituzionalik gabe.

Frantziak euskarazko irakaskuntza sortzearen beha egon bagina, oraino ikastolarik ez zen izanen Ipar Euskal Herrian, ez eta eskola elebidun publikorik ere. Ez zen sortuko euskarazko irratirik. Euskara orain baino are egoera larriagoan izanen zen. Laborantza Ganberaren aldarrikapenarekin zer egin ongi ulertu zuen ELBk, memento batetik aitzina. Eskaera, ekintza eta manifestazioen estrategia agor zitekeelako arriskua ikusirik, beste bide bat urratzea pentsatu zuten: Frantziak ez badio eskaera horri erantzuten, guk sortuko dugu Laborantza Ganbera. Hala egin zuten, eta gaur egun Euskal Herriko Laborantza Ganberak funtzionatzen du. Frantziako Gobernuaren ofizialtasuna falta du, beharbada eskuratuko du; baina, bitartean, funtzionatzen du, eta nehork ez du gehiago dudan ezartzen, nahiz eta hastapenean zenbait auzi jasan behar izan.

Gisa bereko proiektu bat sortu zen Lizarra-Garaziko bake prozesu garaian. « Nazio eraikuntza » garatu zen, eta horren ikur nagusi izan zen Udalbiltza. Azkenaldian berriz aktibatzen hasi dira, baina ez dauka, nehondik ere, garai hartan zeukan oihartzuna. Orduko apustu estrategikoa erakunde nazionalak sortzea baldin bazen, gaur egun, bigarren planoan dagoela dirudi. Gogora ekar dezagun nolako itxaropenak piztu zituen proiektu hark Ipar Euskal Herrian: Euskal Herri osoko herriak erakunde bakarrean bildurik, proiektu anitz garatzeko aukera piztu zen. Adibide gisa daukagu « Zuberoa garatzen » ekimena, Udalbiltzaren kontrako auzibidearen ondorioz garatu gabe gelditu zena.

Udalbiltza zen zinezko erakunde nazional bat, aurrekontu batekin, ekintza konkretuak bultzatzeko gaitasunarekin. Euskal Herria zazpi herrialdeko herri gisa egituratzeko instituzio bat zen. Nazio eraikuntzaren estrategia hartan urrats gehiago pentsatuak ziren, parlamentu nazionala sortzeraino. Ez ziren egin urrats haiek. Ezker abertzaleak EAJri leporatu zion prozesu hura geldotzea; ETAk su-etena hausteak Udalbiltza zatitzea eta prozesu guztia gelditzea eragin zuen.

Gaur egun, indar handiz berreskuratu behar litzateke tresna nazional horiek sortzeko estrategia. Lehen planora ekarri behar litzateke, Ipar Euskal Herriari begira, Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenak indarra galdu baino lehen. Frantziak onartzen ez duena, guk eraikiko dugu. Sor daitezke ere Euskal Herri osoko laborantza erakundea, industria erakundea eta abar. Izan daiteke hainbat solairutako etxea: Ipar Euskal Herriko erakundea batetik, Udabiltza bestetik, eta epe luzera, Euskal Herriko legebiltzarra. Hego Euskal Herriari begira ere, badakigu Espainiako Gobernuak ez duela onartuko ez independentzia, ez autodeterminazio eskubidea. Beraz beste bide horiek jorratzea ez litzateke ideia txarra.

Azken hamarkadan handitu da EAEren, Nafarroaren eta Ipar Euskal Herriaren arteko distantzia. Distantzia hori murriztu behar da, eta horretarako tresnak sortu behar dira, erakunde nazionalak. Helburu horri begira, baitezpadakoa da abertzaleen arteko akordio sendo bat. Zorigaitzez, orain arteko seinaleak ez doaz bide horretatik. Oraino bada zer egin.

(www.enbata.info-n argitaratua)

Advertisements