Pribatutasunaren aitzakia

(Berria-n argitaratua)

Bota du prefetak, ahalkerik gabe: Seaskaren lana funtsezkoa izan zen euskararen berreskurapenean, orain, eskola publikoetan ere euskara ikasten da, eta beraz gurasoek aukera dute publikoaren eta pribatuko murgiltze ereduaren artean. Ez da sekula berantegi egindako lanari balioa aitortzeko, baina, Frantziako Estatuaren izenean, barkamena eskatuko al die 70eko eta 80ko hamarkadako Seaskako irakasle, guraso eta ikasleei, jasan zuten mespretxua eta tratuagatik? Zergatik eskertu orain euskararen alde egin den lana, mendeetan zehar suntsitzeko zazpi ahaleginak egin dituztenean?

Zinismoa muturreraino daramate azken hilabeteetan Pauetik eta Baionatik lerro-lerro pasatzen ari diren prefeta eta suprefetek edota administrazio auzitegietako epaileek. Hendaiakoaren ondotik, Beskoitzeko ikastola berriaren proiektua daukate jomugan. Eta logika horretan segituz, zenbait urte gibelera garamatzate. Ikastolaren egoitzak ez omen daitezke diru publikoz eraiki edo lagundu, eskola publikoan euskara irakasten delako.

Fede txarrez ari ez denak badaki eskola publiko frantses bateko gela elebidunean ikasten duenak ez duela murgiltze ereduan ikasten duenaren euskara maila lortzen. Horrez gain, eskola publikoetako eskaintza horrek, kasu anitzetan, ez dauka jarraipenik 12 urtetik gorako ikasleentzat. Euskararen alde ari direla errepikatuz, paparra altxatzen duten frantses administrazioko ordezkari horiek uste ote dute horrekin aski dela ondorioztatzeko Seaskak egiten duen lana ez dela gehiago funtsezkoa eta pribatuaren alde leudekeen “pribilegiatu” batzuen kapritxoa baizik ez dela ikastolara joatea?

Funtsean, eskola publikoaren eskaintzarekin euskararen beharrak asetzen direla erranez, Frantziak erakusten du euskara dosi biziki homeopatikoan nahi duela, aniztasunaren irudia saltzeko. Irudia bakarrik.

Hirugarren eztenkada

(Berria-n argitaratua)

Frantziako deszentralizazio erreformaren ondorioetariko bat izanen omen zen ‘pays’ egitura desagertzea eta horren ondorioz Hitzarmen Berezia, Garapen Kontseilua eta abar indargabetzea. Horrek bultzatu zituen Lurralde Elkargoa aldarrikatzera, berriki arte Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aurka zeudenak ere.

Alderdi Sozialistako hautetsiek Hitzarmen Berezia berriz negoziatzeko egindako proposamena onartuz (nahiz eta gaur egun oraino ez den garbi zer izanen den hori berritzea bermatuko lukeen modua), Hautetsien Kontseiluak Lurralde Elkargoaren aukerari atea itxi dio. Horren alde jarraituko dutela azaldu dute, baina aldarrikapen horretan amore eman dute, Hitzarmen Berezia berrituz Lurralde Elkargoaren premia anitz ahulduko baita.

90eko hamarkadan izenpetu zen lehen Hitzarmen Berezia, Frantziako Gobernua sozialisten eskuetan zegoenean. Eta ondoko urteetan, Ipar Euskal Herriko hautetsi sozialistak beti aho beteka ari ziren, haiei esker sekulako dirutzak negoziatu zituztelakoan Ipar Euskal Herriarentzat, eta horrela erlatibizatu nahi zuten euskal departamentua sortzeari uko egitearen ardura. Hura izan zen bigarren eztenkada, Jospinengandik sortu itxaropena zapuztu zuena. Lehena ere sozialistek eman zuten, 1981ean, Mitterrandek hitza jan zuenean, euskal departamentuaren harira.

Orain, Hitzarmen Bereziaren salbatzaile gisa agertu nahiko dute beren burua sozialistek, Lurralde Elkargoa antzara ferratzera igorri dutela ahantzaraziko baligute bezala. Ororen buru, hirugarren aldiz, hautetsi horiek nahiago izan dute beren alderdiaren irudia salbatu eta Parisek manatzen duenari men egin, Ipar Euskal Herriak eskatzen duena bururaino defendatu eta Parisko beren alderdikideei buru egin baino. Baina gauza bat aldatu da: Lurralde Elkargoaren aldeko jarrera lehen baino zabalagoa da.

Boz urte (I): abertzaleen bideak zinegotzi bihurtzeko

Ipar Euskal Herrian ez dira Hego Euskal Herrian bezain ardura izaten herriko bozak. Sei urtetarik behin ditugu bakarrik. Bozen antolaketa bera ere guztiz desberdina da. Heldu den urteko martxoan dira udal hauteskundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hots ikasturte honetan. Jadanik ari dira bazterrak berotzen eta ikasturtean zehar Iparraldeko mugimendu politiko gehiena hauteskunde horietara bideratuko da, nahiz eta udazkenean beste hitzordu inportante batzuk badiren lurralde antolaketaren erreformaren harira.

Iparraldeko herriko bozak nekez uler ditzake Hegoaldeko batek, han bezala funtzionatzen duela uste badu. Ez da hango eskemen arabera begiratu behar. Alderdi politikoen pisua anitzez txikiagoa da Iparraldean. Hasteko, alderdi politikoak ez dira erakunde horietatik eta hauteskunde horietatik diruztatzen. Baina bereziki, hauteskunde sistema osoki desberdina da. Alde batetik daude 1.500 biztanlez beherako herriak, non bozkatzen duenak zerrenda bakoitzetik nahi dituen hautagaiak hautatu edo baztertu ditzakeen (zerrenda bat hartzean bi aukera ditu: zerrenda osoaren alde bozkatu, edo izen batzuen gainean marra egin eta beste izen batzuk proposatu, hauteskundeetan aurkezten ez direnena barne). Zinegotzi bihurtzeko, hautagai bakoitzak behar du bozen erdia baino gehiago. Ondorioz, kasu gehienetan, zerrenda irabazleko hautagai guztiak bihurtzen dira hautetsi, eta zerrenda galtzailekotik bakar bat ere ez da herriko kontseiluan sartzen, bozen %49 eskuraturik ere.

Herri handiagoetan, sistema proportzionala da. Haatik kasu: zinegotzien erdia zerrenda irabazlearentzat izaten da, eta beste erdia zerrenda guztien artean banatzen da, lortutako bozen arabera. Ondorioz, zerrenda irabazleak gehiengo osoa segurtatua du. Lehen itzulian ez badu bozen erdia baino gehiago lortu, bigarren itzulia egiten da. Bigarren itzulian, aski da gehiengo sinplea lortzea, zinegotzien erdia baino gehiago eskuratzeko. Lehen itzuliaren eta bigarren itzuliaren artean zerrendak alda daitezke, zerrenden arteko akordioen bidez. Gutxieneko boz kopuru bat behar da bigarren itzulian aurkeztu ahal izateko edo beste zerrenda batekin bat egin ahal izateko. Zerrenda batek gehiengo osoa lortzen badu lehen itzulitik, boz aski lortu ez duen zerrenda zinegotzirik gabe geldi daiteke.

Horiek kontuan hartuz, nola egin dezakete abertzaleek ahal bezainbat zinegotzi lortzeko?

Herri txikietan, zerrendak osatzen dituztenean, zinegotzi bihurtzeko aldagai hori kontuan hartzen dute, eta gehienetan ez dira alderdien araberako zerrendak osatzen, baizik eta herri barneko harremanen araberakoak. Abertzaleek egin dezakete zerrenda bakar bat, edo zerrenda batean edo bestean sar daitezke. Hauteskundez hauteskunde, belaunaldiak pixkanaka berritzen dira, jende gaztea sartuz. Abertzaleen belaunaldia dinamikoa da, eta herrian inplikatzen badira gisa batez edo bestez, aise lortzen dute zerrendetan sartzea, baita zerrendaburu gisa ere. Gisa horretan, aitzineko hauteskundeetan hautetsi eta auzapez abertzale gazte berri andana bat sartu zen. Pentsa daiteke fenomeno horrek aitzina segituko duela heldu diren hauteskundeetan ere.

Herri handietako hauteskundeak politikoagoak dira; alde horretatik, zerrenden osatzea « sinpleagoa » izan daiteke. Baina kalkuluak ere konplikatuak dira. Desadostasunak eta zatiketak ere araberakoak. Herri bakoitzak bere errealitatea du. Lehenik ikusi behar dute zein den helburua: oposizioan egotea, bizpahiru hautetsirekin, ala gobernura heltzea, hauteskundeak irabaziz edo beste zerrenda batekin aliantza eginez, azken urteetan Miarritzen egiten duten gisan. Zerrenda abertzale soil bat osatuz, hauteskundeak lehen itzulian trenkatzen badira, hautetsi batzuk lor daitezke, salbu emaitza espero baino txarragoa baldin bada. Hauteskundeak ez badira lehen itzulian trenkatzen eta zerrenda abertzaleak ez badu bozik aski lortu, ez daiteke bigarren itzulian aurkeztu eta zinegotzirik gabe gelditzen da.

Beste aukera bat da akordio bat lortzen ahalegintzea, hauteskundeak irabaztekotan. Helburu horretara heltzeko bi bide daude: lehen itzulian zerrenda abertzalea osatu eta bigarren itzulirako akordioak egin; edo lehen itzulitik koalizio bat osatu. Lehen aukerak arrisku bat dauka: hauteskundeak lehen itzulitik trenkatzen badira, kasu hoberenean oposizioan zinegotzi bat edo beste lortzea. Bigarrenak beste alde ilun bat dauka: abertzaleen indarra ezin neurtu izana eta haien mezua eta presentzia diluituak izatea. Horrez gain, zatiketa iturri den beste apustu bat da: norekin egin koalizioa lehen itzulitk? Desadostasun politikoak sor daitezke: euskaldunei begira hetsiak diren ezkertiarrekin ala nahiko euskaltzale ageri diren zentristekin? Beste duda da, apustu taktikoa: zeinek ditu hauteskundeak irabazteko aukera handienak? Merezi ote du zerrenda batean urtzea eta nortasunaren zati bat galtzea, irabazteko segurtamenik ez bada, jakinez, gainera, zerrenda horrek hauteskundeak galduz gero, litekeena dela abertzaleak zinegotzirik gabe gelditzea?

Kasu guztietan, kontuan hartu behar da ez daitekeela erabaki uniformerik hartu, herri eta hiri bakoitzeko errealitatea desberdina delako, bai tendentzia politiko bakoitzaren indarra, bai bakoitzaren jarrera politikoa, bai elkarren arteko harremanak edo herri horretako auzi nagusiak. Erabakiak herriz herri hartu beharko dira, aitzineko hauteskundeetan bezala, lekuan lekuko errealitateen arabera.

(enbata.info-n argitaratua)

Kate-begi sendoa

(Berrian argitaratua)

Urtemugek badute bertute bat: iraganera begira jartzen gaituzte une batez, eta agerian uzten digute garai batez zenbat egitura, erakunde eta proiektu sortu zituzten. Ospakizun horietan omendu dute maiz Jean Haritxelar. Euskaltzainburu, Baionako Euskal Erakustokiko zuzendari, Sarako Idazleen Biltzarraren sortzaile edota Udako Euskal Unibertsitateko bultzatzaile izateaz gain, euskal ikasketen adarra Bordeletik Baionako unibertsitatera ekarri zuen eta Iker ikerketa zentroaren aitzindarietako bat izan zen.

Baigorriko auzapez ohiaren euskatzaletasuna ez zen mugatzen euskararen eskubideak tinko aldarrikatzera. Hamarkadaz hamarkada sekulako lana egin zuen euskara goi mailara ekartzeko, euskara ikertuz, euskararen inguruko jakintza sakonduz eta zabalduz eta, lan horren eta zeuzkan karguen bidez, euskarari prestigioa emanez. Bere irribarre zabal eta gozoarekin mintzo zitzaienean, kargudunek nola uka ziezaioketen euskarak errespeturik merezi ez zuenik?

Agintarien euskararen kontrako jendaurreko solasak ekitaldietako laudorioek ordezkatu bazituzten ere, ez ote ziren ohartzen, oinarrizko ezagupena ukatzen segitzean, Haritxelarri luzatzen zioten irri zuriak ez zituela haien asmo beltzak ezkutatzen? Arras ongi baitzekien, euskararen ofizialtasuna eskaturik ere, Frantziak ez duela sekula emanen, bere jakobinismoan errotuta dagoelako. Hala ere begitartea beti argi eta geroari begira baikor eta sendo egon da.

Eta arrazoi zuen. Hain zuzen, urtemugek badute beste bertute bat: zenbait hamarkada iragan ondoan ere, erakusten digute erakunde horiek gaur egun ere bizirik daudela eta oraingo belaunaldiek lanean eta proiektu berriekin jarraitzen dutela. Jean Haritxelar irribarrez joan ahal izan da, hamarkadetan zehar erein zituen haziek eta landu zituen landareek baratzezain suharrak badituztelako.