Goizeko 7ak… non?

(Berria-n argitaratua)

Espainiako Kongresuak ordularia ordu batez gibelatzea propasatuko dio Espainiako Gobernuari. Horrela, Erresuma Batua, Irlanda, Portugal, Maroko eta Aljeriako tenore bera izango lukete. Funtsean, ordu eremuen mapari so eginez gero, hori litzateke logikoena. Frantzia geldituko litzateke egoera berezi batean, bere meridianoko estatuekiko ordu bateko aurrerapenarekin.

Oraingo tenorea Hitlerri eta Francori zor badiegu ere, Espainian Bigarren Mundu Gerra aitzineko ordura itzultzeak eragin berezia izanen du Euskal Herrian: zatiketa administratiboarekin aski ez zela, orain ordu desberdina ukanen genuke Iparraldean eta Hegoaldean.

Ez dut irudikatu nahi zenbat gaizki ulertze eta buruhauste sortuko lituzkeen egoera horrek, ekitaldien orduak ezagutarazteko, hitzorduak finkatzeko… Bertso saioa 17:00etan Hendaian iragarri eta zenbat joango dira bertso saioa hasi baino ordu bat geroago? Nongo orduan aterako da topoa Hendaiatik? Zein tenoretan izanen da prime time-a ETBn? 22:00etan, orain arte bezala? Beraz, Iparraldeko 23:00etan? Zein izanen da Euskadi Irratiko sintonia? «Goizeko zazpiak dira… Albisteak» ala «Goizeko zazpiak dira Hegoaldean eta goizeko zortziak dira Iparraldean… Albisteak»?

Umorerako gaia dela dirudi. Baina mingarria da, are gehiago zatituko baikaitu, Frantziak ere ordua aldatzea erabakitzen ez badu bederen. Erregularki kritikatzen da euroa, baina euroak badu bertute bat: Euskal Herri osoan diru berarekin gabiltzala. Aldaketa ikaragarria izan zen sakelan pezetak eta liberak nahasirik ibiltzen ginenentzat. Gure arteko zatiketaren ardatzetariko bat eta eguneroko desberdintasun bat erori zen. Ordua ere eguneroko kontu bat da. Ez dakit Madrilgo Kongresuko diputatu abertzaleak horretaz ohartu diren, proposamena babestea edo ez oztopatzea iragarri dutenean.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s