‘Haskatasuna’

(Berria-n argitaratua)

Bazen behin irakasle bat… Zigorra prest izaten zuen beti, «h» gaizki erabiltzen zutenentzat. Irakasle hark ez zekien zer zen askatasuna. Konbentzitua zen haskatasuna idatzi behar zela, hitza «hasi» aditzetik zetorrelakoan: zigorra bukatu orduko berriz hasten zen. Haren ikasleek ongi ikasi zuten ikasgaia; beste geletakoen azterketak zuzendu behar zituenean, ez zuen deus barkatzen.

Kalapita latzak hasi ziren irakasle haren eta besteen artean, beste geletako ikasleen protestak gero eta ozenagoak baitziren. Hartu zituzten irakasleak gazteago zenean idatzi zituen testuak, eta ohartu ziren orduan «h» gabe idazten zuela «askatasuna» hitza. Baina irakaslea ez zen horretaz oroitzen edo ez zuen oroitu nahi.

Azkenean, hiztegia hartu zuten. Hiztegiak garbi erakusten zuen zein zen hitz haren ortografia zuzena: askatasuna, «h»-rik gabe. Eta kito. «H» gabe idazteagatik azterketa huts egin zuten ikasleei nota aldatu zieten. Irakaslea eta bere ikasleak asaldatu ziren, hiztegigileek ez zekitela idazten salatuz.

Matematikak ere berdintsu irakatsi zituen. Haren ikasle ohi bat zen bankuko zuzendari. Etxea erosteko, banku harekin hogei urteko mailegua izenpetu zutenei, azken ordainketaren bezperan, hauxe jakinarazi zien: «merkatuko prezioak anitz aldatu dira duela hogei urtetik hona, eta beraz beste hamar urtez jarraitu behar duzue ordaintzen». Auzia epaileek trenkatu zuten: izenpetutako dokumentua zen balio zuena.

Irakasleak, bere ikasleek eta zuzendariak salatu zuten hogei urteren buruan hipotekatik libratu zirenak «lapurrak» zirela. «Injustizia» zela. Hain zuzen, irakasleak beste hitz bat ere era bitxian irakatsi zien: gustizia, legea norberaren gustura irakurtzeko eta bihurritzeko trebezia. Herraren sendabidea ez da, ordea, jendeari hala ez diren gauzak sinetsaraztea.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s