Kantonamenduak

Frantziako lurralde antolaketaren erreforma handiaren baitan sartu zen Ipar Euskal Herriko Lurralde Kolektibitatearen proposamena. Frantziako Gobernuak uko egin zion. Erreforma horren beste atal bat da kantonamenduen mapa berria: Ipar Euskal Herriaren lurraldetasun ezagupena are gehiago ukatu nahi du Frantziak, Biarnoko bi kantonamendu Euskal Herriko beste birekin batuz. Zer eragin izanen du antolaketa berri horrek orain negoziatuko den Lurralde Kontratuari begira? Lurraldetasuna errespetatuko da ala Biarnoko mutur bat txertatu nahiko diote?

Ipar Euskal Herria administratiboki ez bada existitzen ere, kantonamenduen mapak ematen zion halako osotasun bat, eta Paueko Kontseilu Nagusian bazeukan bere ordezkaritza. Orain, mapa desitxuratuz, osotasun hori deseginen da. Horrez gain, lurralde historikoen izaera guztiz ukatzen dute: kantonamendu berean bilduko dira Zuberoako eta Donibane Garaziko hiriburuak. Zein izanen da kantonamendu horretako hiri nagusia? Zein, Amikuze, Iholdi-Oztibarre eta Biarnoko kantonamenduak bilduko dituenarena?

Barnealdeak lehen baino ordezkari gutxiago izanen du, halaber. Orain, kantonamendu handi bakoitzetik bi hautetsi hautatuko dira, biak alderdi edo koalizio berekoak, gizon-emakume parekotasuna bermatzeko. Alderdien aniztasuna ez da bermatuko, ordea, alderdi txiki eta ertainek aukera guztiak galduko dituztelako hautetsiak lortzeko.

Abertzaleek lehen ere zaila bazuten hautetsi bat lortzea, orain ezinezkoa izanen zaie, salbu akordioak egiten badituzte alderdi sozialistarekin, UMPrekin edo Modem-ekin. Hauteskunde estrategia osoa berriz pentsatzera eraman ditzake aldaketa horrek. Paradoxikoki, beren ahotsa instituzioetara helarazteko aukera berria izan daiteke.

Utzi iruzkina