Gipuzkoan atzerritar

(Berria-n argitaratua)

Bidasoa zeharkatzen duten euskal herritar gehienek, hain segur, turismorako, aisialdirako edo erosketak egiteko zeharkatzen dute, gaur gipuzkoar asko Angeluko saltegietan elkartuko diren bezala. Gauzak konplikatuagoak dira ibaiaren alde batean bizi eta bestaldean lan egiten dutenentzat. Badaude «mugaldeko» langileentzako neurri bereziak, zerga kontuak, gizarte segurantza eta abar kudeatzeko. Baina burokrazia eta administrazio aldetik hainbat buruhauste eragiten ditu «mugaldeko» langilea izateak. Alde horretatik, sinpleagoa da Estrasburgora joatea lanera, Irunera joatea baino.

Euskal Herrian bizi garenean, eta Euskal Herria eremu natural bakar gisa bizi dugunean, oztopoak ugariak dira. Edozertarako nortasun agiriaren zenbakia eskatzen dute Hegoaldean; Iparraldean sekula ez. Ez dut uste baden Iparraldeko bakar bat bere nortasun agiriaren zenbakia gogoz dakienik. Gure zenbakia Hegoaldekoena baino luzeagoa da, eta beti arazoak ematen ditu bankuko kontu bat zabaltzeko, lan hitzarmen bat izenpetzeko, telefono konpainia batean kontratua egiteko eta beste edozertarako.

Azkenik, Gipuzkoako lan kontratu baterako, Atzerritarren Identifikazio Zenbakia (NIE) eskatu behar izan nuen, Espainiako Poliziaren egoitza batean. Euskalduna izateagatik eta lan eta bizi eremu naturala Euskal Herria bera izateagatik, neke administratibo horiek gehitzea bidegabea da. Baina, bereziki, mingarria da Gipuzkoan langile «atzerritar» gisa hartua izatea.

Lapurdin bizi eta Gipuzkoan lanean ari den gipuzkoar bati kontatu nion hori joan den egun batez. Hark ere badu horrelakoen berri, nola ez. Haurrarekin joan zen Irungo ospitalera behin, eta erantzun zioten haurra artatuko ziotela, baina beste edozein atzerritar bezala.

Erantzun teknikoa

(Berria-n argitaratua)

Frantziako Lehen Ministroak berak izenpetu du gutuna. Ez da ohikoa Ipar Euskal Herriko aldarrikapenen erantzuna zuzenean haren lumatik etortzea. Erantzunak berak ez dira maiz gertatzen, baina heltzen direnean, gehienetan Barne Ministeriotik heltzen dira. Manuel Vallsek behin eta berriz erran zuen, argi eta garbi, Ipar Euskal Herriaren lurralde ezagupenik ez zutela onartuko. Beraz ezin harriduraz hartu Jean-Marc Ayrault-en erantzun ofiziala. Ezezko erantzun hori baikorki irakurtzeko modu bakarra da Frantziako gobernuburuaren kabineteraino heldu dela eskaeraren berri.

Baina ez daiteke kontsolamendu bat izan. Lurralde kontratua izenpetzeko prest agertu da Frantzia, horrekin bazterrak aski lasaituko balitu bezala. Eta gainerakoan ez kezkatzeko, badaudela aterabideak kontratu hori bideratzeko: herri elkargoak batu, sindikatu mistoa, poloa…

Funtsean, betikoa. Frantziako Gobernuak erantzun teknikoa eman nahi izan dio eskakizun politiko bati. Erantzun tekniko horiek erantzun politiko bat baino neketsuagoak dira ulertzeko. Zer da polo bat? Zenbaterainoko ezagupena aitortzen dio Ipar Euskal Herriari? Horrelako erantzun batek ez ditu aise aseko azken hilabeteetako aldarrikapenak, eskaera politikoak aterabide politikoa espero duelako.

Erantzun tekniko hori, ukapen maltzurra da, ezezko borobil eta gogor bat baino zitalagoa. Hain zuzen, Ipar Euskal Herriak zein aterabiderekin aski duen edo ez erranez, irakasle modura agertu da Ayrault, Iparraldeko eragileek baino hobeki baleki bezala! Tokiko eragile eta hautetsiekiko zinezko mespretxua eta gutxiespena izateaz gain, mespretxu politikoa da: gibelean dagoen mezua da, funtsean, ez dagoela aldarrikapen politikorik Ipar Euskal Herrian. Vallsen erantzuna, gutxienez, politikoa zen. Arrazoi onartezinez eta gezurrez betetako erantzuna zen, baina Ayrault-ena ez da hobea.

Konspirazioak

(Berria-n argitaratua)

Nork hil zuen Kennedy? Lee Oswaldek? Beste tiro-egile bat ere bazegoen? Edo gehiago? Bere iniziatibaz hil zuen ala konspirazio baten parte zen? Hala bada, zeinentzat ari zen lanean? Eskuin muturrarentzat? CIArentzat? Kubarentzat? Sobietar Batasunarentzat? Gisa orotako teoriak zabaldu dira bertsio ofizialaren kontra, baita teoria kontrajarriak ere.

Badira uste dutenak Apollo misiokoak ez zirela ilargira heldu, AEBetako armadak aspaldian ezkutatzen duela estralurtarren presentzia, Errusiar Iraultza juduen konspirazioa izan zela, eta Frantziako Iraultza Elizaren kontrakoena. 2001eko irailaren 11ko atentatuetan ez zela hegazkinik izan eta AEBetako zerbitzu sekretuen manipulazioa izan zela dioten teoriek oihartzun handia izan zuten.

Konspirazioen teoriek arrakasta handia dute, eta anitzek sinetsi ohi dituzte, nahiz eta konspirazioa dagoela erakusteko bide bihurriak erabili: frogatzeko bidea eskaintzen duten informazio elementuak bakarrik hartuz, gezurta dezaketenak baztertuz, osagai ezberdinak inkoherenteki lotuz…

Konspirazioaren baitan sinesten dutenak, gehienetan, eskuin muturrekoak edota ezker muturrekoak dira, sistema ustela dela adierazteko, bakoitzak bere ikuspegitik. Egiazki gertatu izan diren eta frogatu diren konspirazioak erabiltzen dituzte horrelakoak denetan ikusteko. Bestalde, sinesteak berak poza ematen dio sinesten duenari, besteek baino informazio gehiago daukalakoan eta aski argia delakoan sistemaren manipulazioan ez erortzeko. Soziologikoki, aldiz, lasaigarriagoa omen da pentsatzea Irailaren 11ko atentatuak bezalakoak gobernu batek eraginik gertatzen direla eta ezinezkoa dela kontrolez kanpoko pertsona edo erakunde batzuek halakoak egitea. Ororen buru, eskema horren aldekoek beti aitortzen diete indarra gobernuei, erasotzailea ala biktima izan.