Berri onen bila

(Berria-n argitaratua)

Duela ehun urteko prentsak idatzi zituen agiantzetan, ohi bezala, urte ona desio eta espero zuten. Balkanetako bigarren gerrak histu zuen 1913a, eta Euskal Herria uholde gogor batzuek. Ez ahal zen 1914a txarragoa izanen! Urte hartako urtats egunean, nehork ez zuen pentsatzen Europa nola inarrosiko zuen XX. mendeko gertakari larrienetariko batek, ez eta ere Euskal Herriko 1.200 lagunetik gora hilen zela bonben eta tiroen azpian, urtea bukatu baino lehen.

Mende baten buruan, sinesgaitza egiten zaigu halako sarraskiak gerta zitezkeela. Baina, zorigaitzez, badakigu munduan gaindi badirela 2013ak itzali ez dituen gerrak. Ez dakigu 2014ak zein itzaliko duen… eta zein piztu. Ez dakigu non joko duten ekaitzek, uholdeek edo lurrikara batek. Urte ona nahi dugu denek, baina badakigu 365 egunez denetarik gertatzen dela.

Zorigaitza bilatu gabe etortzen da, eta zorionaren bila joan behar da. Ondoko egunetan jakinaraziko dute ofizialki zein izanen den kantonamenduen antolaketa berria; zabaldu diren berrien arabera, azkenean, ez da Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna ukatuko duen maparik izanen. Frantziako Gobernuak ez zuen gibelera eginen, protestarik izan ez balitz. Ikastolen egoitzen harira, oraino ez dakigu zehazki zer neurri proposatuko duen Paueko prefetak, ea petatxuak izanen diren ala aterabide orokor eta iraunkor bat, baina blokeoa gainditzeko lanean ari omen dira. Horretan ez ziren hasiko, mobilizaziorik izan ez balitz.

Bake prozesuaren bidean, iazkoa baino emankorragoa izanen ote da 2014a? Ez da seinale txarra presoen kolektiboaren iragarpena. Beste adierazpen batzuk lerroen artetik irakurtzean, pentsa dezakegu ETAren desarmearena izan daitekeela aurtengoa. Ea Espainia eta Frantzia ere mugitzen diren, eta 1914a gerlaren urtea zen bezala, 2014a bakearena izaten den.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s