Gurutzada

(Berria-n argitaratua)

Ez dela euskararen aurka ari argitu du Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak, adierazi duenean D eredua ikertzen ari dela eta legea urratzea ez duela onartuko. Beste bat ere horrelatsu mintzatu zen 2003ko otsailaren 20 batez… Baionako suprefeta ere ez bide da euskararen kontra ari, Hendaiako eta Beskoitzeko ikastolen kontra egin ondoan, Hazparneko herri elkargoari idatzi dionean, ikastoletako eraikinak ordaintzen ez laguntzeko edo egoitzarik ez emateko aginduz.

Uste genuen Ipar Euskal Herriko ikastolak prefabrikatu ustel eta erdi erorietan aterpetzearen kontua iraganekoa zela, eta aterabide iraunkorra bermatua zutela, herriek eta herri elkargoek uzten zizkieten egoitzei esker. Ulertezina da suprefetaren tema hau, zenbait hamarkada gibelera garamatzalako. Nahiz eta Frantziako Lehen Ministroak iragarri duen Konstituzioa aldatzeko prest dagoela Frantziak hizkuntza gutxituen euroituna berresteko, zer sinesgarritasun dauka, aldi berean ikastolei traba berriak ezartzen badizkie? Jakina da, gainera, Frantzia aldean zein aurkari sutsuak dituzten hizkuntza gutxituen eskubideek, bai eskuinekoen artean, bai ezkerrekoen artean, eta itxaropen gutxi dator hortik. Lekuan lekuko gizarte zabalaren eta hautetsi gehienen babesa duen ereduari trabarik ez jartzea bera ez litzateke gutxi.

Euskarazko irakaskuntzari bi frontetatik egiten diote eraso azkenaldian. Nafarroan egiten ari diren kriminalizazio kanpainaren bigarren kapitulua ezagutu dugu aste honetan. Funtsean, berek ere badakite irakasleak ez direla ari «terrorista txikiak» prestatzen. Maparen gaiak erakusten duen bezala, arazoa oinarritzen da herri ikuspegi desberdin bat ez onartzean. Eta horren aitzakian, euskarazko irakaskuntza ahuldu nahian. Barcina ez al da poztu ingelesezko eredua D ereduari gaina hartzen ari zaiolako? Eta ez dira euskararen aurka ari…

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s