Itzulinguruka

(Berria-n argitaratua)

Ez zen biziki ulergarri zer gertatzen ari zen herenegun arte. Herenegundik hona gutxiago. Zoratzekoa da Hizkuntza gutxituen Euroituna berresteko Frantziako diputatuek darabilten manege-a (1. zaldiko-maldikoa; 2. azpijokoa). Colette Capdevielle Baionako diputatuak (PS) lausoki azaldu zuen nahitara aurkeztu zutela hizkuntza gutxituentzako neurri mugatzaile bat, gero Frantziako Gobernuak lege hobe bat idazteko.

Hizkuntza gutxituen gaia biziki minbera delako, aurkakoen babesa ere lortzeko asmoz idatzi omen zuten proposamena gisa hartan. Frantsesaz besteko hizkuntzen gaiak herenegun ere piztu zituen frantses porrokatuenen erreakzio gaiztoak. Jende haientzat alferrik zen testu «onargarriagoa» idaztea, hizkuntza gutxituak aipatzea aski zitzaien Frantzia desegituratu nahi dutela leporatzeko. XXI. mendean, oraino, frantsesen zati handi batek pentsatzen du berdintasunaren bermea hizkuntza bakarra erabiltzea dela. Sinesgaitza eta penagarria bada ere, hori ez da aldatu.

Erreakzio horiek saihestu beharrez, Capdeviellek berak onartu zuen maniobra bat egin zutela, jukutria bat, azken finean. Hots, itzulinguruka dabiltza (edo hala dabiltzala sinetsarazi nahi dute), hizkuntza gutxituak errespetatuko lituzkeen lege bat indarrean jartzeko, gainerako diputatuak joko horretaz ohartuko ez balira bezala! Zorigaitzez, deusek ez du bermatzen Frantziako Gobernuak proposatuko duen Konstituzio aldaketa anitzez ausartagoa izanen dela, iraganak erakutsi baitu ez daitekeela Frantziaren baitan fidatu. Eta hala izango balitz ere, lepoa joka nezake ez duela lortuko Frantziako senatarien eta diputatuen bostetik hiruren babesik.

Itzulinguruka eta hainbeste itzuli-mitzulirekin, beldur naiz ustez hizkuntza gutxituen alde egin nahi duten diputatu horien xedeak eta euskararen eskubideak ez ote diren itzulipurdikatuko.

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s