Zinema

(Berria-n argitaratua)

Ustekabetarik joan omen zitzaien agiria, Guardia Zibila euskal presoen abokatuen egoitzetan sartu baino lehen. Ustekabetarik? Sinetsi nahi duenak sinetsiko du… Atxiloketa serioa balitz, zinezko arrazoiak balituzte, diskretukiago jokatuko zuketen. Operazio mediatiko bat egiteko xedea zutela aditzera ematen du, Herrira-ren kontrako sarekadan bezala. Zinema egiten ari dira, Durangoko ekitaldiagatik eta biharko manifestazioagatik kexu direnei beste gisako irudiak erakusteko. Atxilotuak ez dira casting batera aurkeztu diren aktoreak, ordea.

Eta zinema aretora joateaz baino kontu larriagoak dira hauek. Herrira-ren kontrako hartan bezala, atxiloketa hauek ere gertatu dira ETAren balizko adierazpen baten zurrumurruak zabaldu direnean. Ahoz ETAren desarmea eskatzen dutenean, ekintzez erabaki hori oztopatu nahi dutela dirudi. Edo letorkeen desarmea errepresioaren ondoriozkoa baizik ez dela eszenifikatu nahi dutela.

Bitartean, beti gutxiesten dute lehenago exijitzen zuten urrats oro, orain euskal presoen kolektiboak egin duena bezala. Gero eta diskurtso absurduagoak badituzte ere, ez zaie inporta, eta gero ere aitzakia berriak asmatzen ibiliko dira, presoen gaian deus ez mugitzeko. Presoak dauden bitartean, presoen aldeko mugimenduak eta abokatuak izanen dira, ordea. Hori debekatua baldin bada, eta presoek kondena osorik kartzelan bete behar badute, beste 30 urtez izango ditugu horrelakoak: gatazka armatuaren itzala bete-betean egonen da, eta beraz ez da zinezko bake girorik sortuko Euskal Herrian, ETAk armak itzuli ala ez.

Azken mende erdiko giroa iraganera pasatzea nahi bada, giro horren osagarri guztiak kendu behar dira eta zauri guztiak sendatzen hasi, beste herrialde batzuetan gertatu den bezala. Etorkizunean, giro baketsuan, aiseago eginen dira iraganaren eta bukaeraren irakurketak. Orain behar duguna da: «The End».

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s