Ohar batzuk FLNCren erabakiaz

Herenegun arratsaldean webguneetako albiste nagusi izan zen. Atzoko egunkarietan bigarren planoan gelditu zen, eta atzotik hona webguneetan ez du tokirik izan. Gertakaria ez da garrantzi gutxikoa, ordea: Korsikako FLNC erakunde armatuak borroka armatua behin betiko utzi duela jakinarazi du, 14 orrialdeko agiri batean. Merezi baino interes gutxiagorekin begiratu zaio gertakari horri, bai Euskal Herritik, bai Frantziatik. Frantziako Gobernuaren erreakziorik ez da heldu oraino. Hona gertakari horri buruzko hausnarketa batzuk:

1. Euskal Herriko oihartzuna

Korsika ez da Euskal Herria, ez eta ere Ipar Irlanda. FLNC ez da ETA, ez IRA. Korsikako erakundearen atentatu gehien-gehienak materialak ziren. Logikoki, FLNCk borroka armatua uztearen eragina ez da ETAk eta IRAk uztearena bezain handia. Hala ere, milaka atentatu egin ditu FLNCk, eta beste milaka atentatu egin dituzte Korsikako beste erakunde armatu abertzaleek. Korsika egon da gehiago Irlandara eta Euskal Herrira begira, alderantzizkoa baino. Horrek esplika dezake Euskal Herritik zergatik ez zaion eman hainbesteko garrantzia. Alta, Korsikak berak merezi du interes gehiago jar diezaiogun, eta gaia sakon dezagun: zein izan da bertako aldarrikapen abertzalearen ibilbidea? zein izan da FLNCren historia korapilatsua? zein izan da 2003ko uztailaren 6ko erreferendumetik honako bilakaera politikoa Korsikan? zein da gaur egungo indar harremana eta egoera politikoa, soziala eta kulturala? eta abar.

2. Frantziako oihartzuna
Frantzian oihartzun gutxi edukitzeak eta Frantziako Gobernuak isiltasunarekin erantzuteak erakuts dezake, batetik, Korsikako “arazoa” jadanik ez dela arazo azken urteetan Frantziarentzat, ez behintzat 70ko hamarkada bukaeratik 90ko hamarkada bukaera artean bezainbat. Bestetik, Korsikako mugimendu independentistak azken urteetan hartu duen indarra eta Korsikako aldarrikapen politikoak gutxiesteko eta ukatzeko bidea da.

3. Korsikako testuinguru politikoa

FLNCk aipatu du azkenaldian Korsikako Lurralde Asanbladan urrats handiak egin direla elkarrizketaren bidean, eta hainbat lege onartu direla Korsikaren alde, abertzaleen eta abertzale ez direnen onespenarekin. FLNCk hor ikusten du giro berri bat, borroka armatua uztea azaltzeko. Independentziaren bidean lan gehiago egiteko aukera gisa ikusten du hori, eta horretarako borroka armaturik gabeko egoera hobetsi du. Halaber, azken hauteskundeetan eta azken-aurrekoetan, abertzaleek indar handia erakutsi dute eta alkatetza garrantzitsuak eskuratu dituzte (Bastiakoa adibidez).

4. Korsikako armak

Korsikak badauka beste arazo bat armekin, azken bi urteetan gordinki agertu den gisan. Azkenaldian hilketa anitz gertatu da, kontu garbiketak dira, politikarekin zerikusirik ez dutenak. Korsikako indarkeria mafiekin lotuta izateak mesede gutxi egiten zion FLNCri eta bere irudiari. Faktore hori ere kontuan hartzekoa izan daiteke FLNCren erabakian.

5. Nazioarteko testuingurua

FLNCk aipatzen du bere agirian, Irlandan eta Euskal Herrian ere borroka armatua utzi eta urrats berriak egiten ari direla bakeari eta independentziari begira. Kataluniako eta Eskoziako prozesuak ere aipatu ditu. FLNC sortu zen garaian, borroka armatua zabalduta zegoen ezker-eskuin, nazio askapenerako mugimenduetan edota ezker muturrekoetan. Gaur egun, erakunde armatu politiko gehienak desagertzen ari dira, eta FLNC izan zitekeen segitzen zuen bakarra Europan, erabaki hau ez balu hartu. Independentziaren bidean urrats baketsu eta handiak egiten ari diren herri gutxituen artean egon nahi du Korsikak. Hori izan daiteke FLNCren erabakiaren arrazoi nagusia.

6. Korsikako erreakzioak

Korsikako klase politikoak begi onez hartu du FLNCren erabakia. UMPko Camille Rocca-Serrak argi erran du ez diela aterik itxiko eztabaida demokratikoan parte hartu nahi dutenei, eta ez dela iraganera begiratu behar, baizik eta etorkizunera. Eta Korsika ere ez da gutxi sufritu duena. 90ko hamarkadan abertzaleen arteko kontu garbiketa latzak izan ziren, dozenaka hilketa izan zirelako. Zauri haien gainetik, gaur eta bihar elkarrekin lan egiteko borondatea dagoen bitartean, aitzina daiteke. Alde horretatik, Euskal Herriak ere badu zer ikasi Korsikatik.

Txato bidelaguna gogoan

Argazkilaria: Angela Mejias

Argazkilaria: Angela Mejias

Hitzak elkartu gintuen eta hitza izan da gure lokarria. Hiru hitz laburreko mezuak izoztu zizkidan hitzak, larunbat arratsaldean. Hitzak itzali zitzaizkidan. Hitzekin gure hizkuntza zizelkatzen hain ederki zekien Txato omentzeko hitzak ez dira aski gure hiztegian. Duela hogei bat urte ezagutu nuen AEKn, gure hizkuntza ikasi nahi zutenei hitzak irakasten maisu. Baionako Gau Eskolan anitz ikasi nuen Txatorekin, nola prestatu, antolatu eta dinamizatu klasea, nola azaldu gure hitzen erran-nahia, frantseseko itzulpenera jo gabe… Txatok hitza zuen tresna, bai irakasle gisa, bai Baionako Gau Eskolako koordinatzaile gisa. Biltzar nagusietako eta bileretako Txato datorkit gogora: gela zokoko mahaian jarrita hartzen zuen hitza, edo lurrean kokoriko jartzen zen ideia zehatzak emateko: haren hitzak ez zituen haizeak eramaten; iltzaturik gelditzen ziren. Lider bat zen.

Lagunkoia, maitatua, bestazalea… Eta beti zegoen hitza erdian. Euskaltzale sutsua zen, baina euskara hizkuntza gisa errotik maite zuen, eta horregatik ikasi zituen ikas zitzakeen euskalki gehienak. Eta horrekin batera herriz herri ibiltzen zen, herritarren adiskide eginez, leku bakoitzeko istorioak ezagutuz, kantuak ikasiz… Eta jarrera horren isla zen, baita ere, haren jarrera politiko irekia. Bizkaitar lapurtarra zen Txato, Lapurdin laketu baitzuen; baina bizkaitar nafarra ere bazen edo bizkaitar zuberotarra. Gure hizkuntzaren ñabardura guztiak lantzen eta transmititzen zituen. Bazekien, gure hitzak, euskalkien desberdintasunen artetik, batasun tresna zirela.

Txato bertsozalea, Txato bertsolaria. Hor ere hitza zuen tresna, arterako tresna. Eta bertso munduan ere, hitzak elkartu gintuen berriz. Baionako Gau Eskolan bost urtez egon nintzen, eta utzi nuen Euskaldunon Egunkaria-n hasteko. Aski laster, Txatok ere utzi zuen AEK, Euskaldunon Egunkaria-n hasteko, 2001eko irailean. Orduan ere hitza zen gure lokarria. Baionako ordezkaritzako lankide izan nuen zortzi urtez, Nora Arbelbiderekin batera. 2003ko otsailean hitza kendu zigutenean are gehiago trinkotu zen gure taldea, eta Txatok zazpi eginahalak egin zituen hitza ez isiltzeko.

Zortzi urtez izan zen nire ondoko mahaiko lankide eta laguna. Politikaz, euskalgintzaz, bertsolaritzaz, prentsaz, kazetaritzaz eta abarrez mintzatzen ginen. Idazterakoan ere elkarren artean argitzen genituen gure hitzei buruzko zalantzak, gure hizkuntzaz ere maiz aritzen ginen. Zortzi urtez, hiru laguneko lan-talde bat sendotzen da, trinkotzen da. Taldea utzi nuen duela ia bost urte, beste lan batera joateko, baina taldekideekiko harremana beti indartsua izan da. Hil baino aste bat lehenago gurutzatu nuen Txato Pannecau karrikan, eta bi ele egin genituen: Iparraldeko kazetarien arteko elkarlanaren garrantzia aipatu zidan, eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k jarraitzaile anitz daukala Internet-en…

Mingarria da pentsatzea haren mahaia hutsik ikusiko dudala eta Pyrénées ostatuaren inguruan ez dudala gurutzatuko, Baionara joanen naizen ondoko aldian. Eta ez dut irudikatu nahi zein gogorra den astelehen goiz honetan Txatoren mahaia hutsik ikustea, orain Baionako ordezkaritzan lanean gelditzen direnentzat. Baina hitza zen Txatoren bizi ardatza, gure hizkuntza biziaraztea zen Txatoren ipar-orratza. Eta jarraituko dugu, bakoitzak gure lekutik, Txatok irakatsi bezala, Txatok nahiko lukeen bezala, gure hitzekin gure hizkuntza zizelkatzen eta gure herria josten.