Txato bidelaguna gogoan

Argazkilaria: Angela Mejias

Argazkilaria: Angela Mejias

Hitzak elkartu gintuen eta hitza izan da gure lokarria. Hiru hitz laburreko mezuak izoztu zizkidan hitzak, larunbat arratsaldean. Hitzak itzali zitzaizkidan. Hitzekin gure hizkuntza zizelkatzen hain ederki zekien Txato omentzeko hitzak ez dira aski gure hiztegian. Duela hogei bat urte ezagutu nuen AEKn, gure hizkuntza ikasi nahi zutenei hitzak irakasten maisu. Baionako Gau Eskolan anitz ikasi nuen Txatorekin, nola prestatu, antolatu eta dinamizatu klasea, nola azaldu gure hitzen erran-nahia, frantseseko itzulpenera jo gabe… Txatok hitza zuen tresna, bai irakasle gisa, bai Baionako Gau Eskolako koordinatzaile gisa. Biltzar nagusietako eta bileretako Txato datorkit gogora: gela zokoko mahaian jarrita hartzen zuen hitza, edo lurrean kokoriko jartzen zen ideia zehatzak emateko: haren hitzak ez zituen haizeak eramaten; iltzaturik gelditzen ziren. Lider bat zen.

Lagunkoia, maitatua, bestazalea… Eta beti zegoen hitza erdian. Euskaltzale sutsua zen, baina euskara hizkuntza gisa errotik maite zuen, eta horregatik ikasi zituen ikas zitzakeen euskalki gehienak. Eta horrekin batera herriz herri ibiltzen zen, herritarren adiskide eginez, leku bakoitzeko istorioak ezagutuz, kantuak ikasiz… Eta jarrera horren isla zen, baita ere, haren jarrera politiko irekia. Bizkaitar lapurtarra zen Txato, Lapurdin laketu baitzuen; baina bizkaitar nafarra ere bazen edo bizkaitar zuberotarra. Gure hizkuntzaren ñabardura guztiak lantzen eta transmititzen zituen. Bazekien, gure hitzak, euskalkien desberdintasunen artetik, batasun tresna zirela.

Txato bertsozalea, Txato bertsolaria. Hor ere hitza zuen tresna, arterako tresna. Eta bertso munduan ere, hitzak elkartu gintuen berriz. Baionako Gau Eskolan bost urtez egon nintzen, eta utzi nuen Euskaldunon Egunkaria-n hasteko. Aski laster, Txatok ere utzi zuen AEK, Euskaldunon Egunkaria-n hasteko, 2001eko irailean. Orduan ere hitza zen gure lokarria. Baionako ordezkaritzako lankide izan nuen zortzi urtez, Nora Arbelbiderekin batera. 2003ko otsailean hitza kendu zigutenean are gehiago trinkotu zen gure taldea, eta Txatok zazpi eginahalak egin zituen hitza ez isiltzeko.

Zortzi urtez izan zen nire ondoko mahaiko lankide eta laguna. Politikaz, euskalgintzaz, bertsolaritzaz, prentsaz, kazetaritzaz eta abarrez mintzatzen ginen. Idazterakoan ere elkarren artean argitzen genituen gure hitzei buruzko zalantzak, gure hizkuntzaz ere maiz aritzen ginen. Zortzi urtez, hiru laguneko lan-talde bat sendotzen da, trinkotzen da. Taldea utzi nuen duela ia bost urte, beste lan batera joateko, baina taldekideekiko harremana beti indartsua izan da. Hil baino aste bat lehenago gurutzatu nuen Txato Pannecau karrikan, eta bi ele egin genituen: Iparraldeko kazetarien arteko elkarlanaren garrantzia aipatu zidan, eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k jarraitzaile anitz daukala Internet-en…

Mingarria da pentsatzea haren mahaia hutsik ikusiko dudala eta Pyrénées ostatuaren inguruan ez dudala gurutzatuko, Baionara joanen naizen ondoko aldian. Eta ez dut irudikatu nahi zein gogorra den astelehen goiz honetan Txatoren mahaia hutsik ikustea, orain Baionako ordezkaritzan lanean gelditzen direnentzat. Baina hitza zen Txatoren bizi ardatza, gure hizkuntza biziaraztea zen Txatoren ipar-orratza. Eta jarraituko dugu, bakoitzak gure lekutik, Txatok irakatsi bezala, Txatok nahiko lukeen bezala, gure hitzekin gure hizkuntza zizelkatzen eta gure herria josten.

Advertisements

One thought on “Txato bidelaguna gogoan

  1. Eta nik, zuen hitzetan bezainbat ikasi dut zuen isiluneetan, hasperenetan, begi gorrituetan eta irrietan.

    Txato zigarroa itzalirik ezpainetan, teklatua jo eta jo. Lan-eguna, maiz bezala, gaueraino luzatzen zelarik, bixkotxa edo zerbait jateko gogorik bazuenez galdegiten guk, saltegira joan aitzin, eta hark zikiroa nahi zuela erantzuten.

    Hala ere, hainbertze lanean ikusi ondoan, dudarik ez: Txato karrikan eta bestan zen uros, kepean, artzaina bortuan eta isiltasunean uros den bezala, lau haizetara.

    Berrian pasatu urte efemero haren ondotik, Txatoz hurbil-iraganean mintzatzeko usaia hartua nuen, halabeharrez. Txato iragan eternalean aipatzeari ez naiz ohituko… Edo bai: mahai hutsek ere badute herririk eta hizkuntzarik zizelkaturik, malkoen zementutik.

    Adio Txato, zirtzil eta bardo!

    Eta milesker zuri, Eneko

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s