Ohar batzuk FLNCren erabakiaz

Herenegun arratsaldean webguneetako albiste nagusi izan zen. Atzoko egunkarietan bigarren planoan gelditu zen, eta atzotik hona webguneetan ez du tokirik izan. Gertakaria ez da garrantzi gutxikoa, ordea: Korsikako FLNC erakunde armatuak borroka armatua behin betiko utzi duela jakinarazi du, 14 orrialdeko agiri batean. Merezi baino interes gutxiagorekin begiratu zaio gertakari horri, bai Euskal Herritik, bai Frantziatik. Frantziako Gobernuaren erreakziorik ez da heldu oraino. Hona gertakari horri buruzko hausnarketa batzuk:

1. Euskal Herriko oihartzuna

Korsika ez da Euskal Herria, ez eta ere Ipar Irlanda. FLNC ez da ETA, ez IRA. Korsikako erakundearen atentatu gehien-gehienak materialak ziren. Logikoki, FLNCk borroka armatua uztearen eragina ez da ETAk eta IRAk uztearena bezain handia. Hala ere, milaka atentatu egin ditu FLNCk, eta beste milaka atentatu egin dituzte Korsikako beste erakunde armatu abertzaleek. Korsika egon da gehiago Irlandara eta Euskal Herrira begira, alderantzizkoa baino. Horrek esplika dezake Euskal Herritik zergatik ez zaion eman hainbesteko garrantzia. Alta, Korsikak berak merezi du interes gehiago jar diezaiogun, eta gaia sakon dezagun: zein izan da bertako aldarrikapen abertzalearen ibilbidea? zein izan da FLNCren historia korapilatsua? zein izan da 2003ko uztailaren 6ko erreferendumetik honako bilakaera politikoa Korsikan? zein da gaur egungo indar harremana eta egoera politikoa, soziala eta kulturala? eta abar.

2. Frantziako oihartzuna
Frantzian oihartzun gutxi edukitzeak eta Frantziako Gobernuak isiltasunarekin erantzuteak erakuts dezake, batetik, Korsikako “arazoa” jadanik ez dela arazo azken urteetan Frantziarentzat, ez behintzat 70ko hamarkada bukaeratik 90ko hamarkada bukaera artean bezainbat. Bestetik, Korsikako mugimendu independentistak azken urteetan hartu duen indarra eta Korsikako aldarrikapen politikoak gutxiesteko eta ukatzeko bidea da.

3. Korsikako testuinguru politikoa

FLNCk aipatu du azkenaldian Korsikako Lurralde Asanbladan urrats handiak egin direla elkarrizketaren bidean, eta hainbat lege onartu direla Korsikaren alde, abertzaleen eta abertzale ez direnen onespenarekin. FLNCk hor ikusten du giro berri bat, borroka armatua uztea azaltzeko. Independentziaren bidean lan gehiago egiteko aukera gisa ikusten du hori, eta horretarako borroka armaturik gabeko egoera hobetsi du. Halaber, azken hauteskundeetan eta azken-aurrekoetan, abertzaleek indar handia erakutsi dute eta alkatetza garrantzitsuak eskuratu dituzte (Bastiakoa adibidez).

4. Korsikako armak

Korsikak badauka beste arazo bat armekin, azken bi urteetan gordinki agertu den gisan. Azkenaldian hilketa anitz gertatu da, kontu garbiketak dira, politikarekin zerikusirik ez dutenak. Korsikako indarkeria mafiekin lotuta izateak mesede gutxi egiten zion FLNCri eta bere irudiari. Faktore hori ere kontuan hartzekoa izan daiteke FLNCren erabakian.

5. Nazioarteko testuingurua

FLNCk aipatzen du bere agirian, Irlandan eta Euskal Herrian ere borroka armatua utzi eta urrats berriak egiten ari direla bakeari eta independentziari begira. Kataluniako eta Eskoziako prozesuak ere aipatu ditu. FLNC sortu zen garaian, borroka armatua zabalduta zegoen ezker-eskuin, nazio askapenerako mugimenduetan edota ezker muturrekoetan. Gaur egun, erakunde armatu politiko gehienak desagertzen ari dira, eta FLNC izan zitekeen segitzen zuen bakarra Europan, erabaki hau ez balu hartu. Independentziaren bidean urrats baketsu eta handiak egiten ari diren herri gutxituen artean egon nahi du Korsikak. Hori izan daiteke FLNCren erabakiaren arrazoi nagusia.

6. Korsikako erreakzioak

Korsikako klase politikoak begi onez hartu du FLNCren erabakia. UMPko Camille Rocca-Serrak argi erran du ez diela aterik itxiko eztabaida demokratikoan parte hartu nahi dutenei, eta ez dela iraganera begiratu behar, baizik eta etorkizunera. Eta Korsika ere ez da gutxi sufritu duena. 90ko hamarkadan abertzaleen arteko kontu garbiketa latzak izan ziren, dozenaka hilketa izan zirelako. Zauri haien gainetik, gaur eta bihar elkarrekin lan egiteko borondatea dagoen bitartean, aitzina daiteke. Alde horretatik, Euskal Herriak ere badu zer ikasi Korsikatik.

Advertisements

Utzi erantzuna

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s