Prefetaren jarrera koloniala, Lurralde Kolektibitateaz

André Durand Paueko Prefetak joan den ostiralean aurkeztu zizkien bere proposamenak Ipar Euskal Herriko hautetsiei. Ekaineko azken asteburuan. Eta prentsari, arratseko 9ak pasa zirela. Gisa horretan, kazetariei eta eragile politikoei ez zien astirik utzi gaia sakontzeko, galdera zorrotzak egiteko, proposamenen analisia egiteko. Udako oporren bezperan, ez ote du espero Lurralde Kolektibitatearen aldeko mugimendua atseden une batean aurkitzea?
Begi bistakoa da Prefetak bere proposamenetik kanpo jarri duela Lurralde Kolektibitatea. Haren bost proposamenetatik bi – nagusiak – doaz hiri elkargoaren bidetik: oraingo herri elkargo guztiak bakarrean biltzea litzateke ideia. Hori guztia gain-estalki ederrez apaindu du, erranez Lurralde Kolektibitateak zituzkeen eskumenen hiru laurdenak lituzkeela egitura berriak.
Baina garbi erran zuen: «je décide» (nik erabakitzen dut). Eztabaidara deituko ditu eragileak, baina erabakia prefetarena izanen da. Eragileek aski eztabaidatua dute, ordea, eta adostasun zabala lortua. Ipar Euskal Herriko gehiengoak argi eta garbi errepikatua du zer nahi duen: Lurralde Kolektibitatea. Lan handia egin dute proiektu hori diseinatzeko, eta juridikoki berme guztiak dauzkala ziurtatu dute Batera-ren inguruan dabiltzan lege-aditu eta arituek.
Egindako lan hori kontuan ez hartzea eta Lurralde Kolektibitatearen aukera aurrez baztertzea biziki adierazgarria da: kolonoen jarrera da. Udan izanen den eztabaidaren ondoren ere erabakiak berak hartuko dituela irmoki adieraztea ere kolonoen jarrera da. Garbiki erraten dio Ipar Euskal Herriko gizarteari bere hitzak, gogoetek, nahiek, proposamenek eta proiektuek ez daukatela lekurik.
Prefetaren proposamenak gabeziak baditu, nahiz eta aitzinamendu gisa uler dezaketen batzuek. Urrats bat izan daiteke, baina ez eskatzen zena. Eta horretan dago prefetaren apustua, prentsaurrekoan kazetari batek ikusi zion irri maltzurrak salatu zuen bezala: Lurralde Kolektibitatearen aldeko mugimendua zatitu nahi du prefetaren proposamena onartuko luketen eta onartu nahi ez luketenen artean.
Eta Baionako suprefetak egun berean jakinarazi zuen Uztaritzeko Herriko Etxea auzitara igorriko duela, euskara ofizial egiteagatik. Izanen al du aski kopeta sinetsarazteko ez dela euskararen aurkaria? Zer kalte egiten dio frantsesari Uztaritzeko erabakiak? XXI. mendean oraino horrelakoak ikusi behar izateak erakusten du Frantziak segitzen duela XIX. mendean bezala, kolonizatzaile moduan.

Advertisements

One thought on “Prefetaren jarrera koloniala, Lurralde Kolektibitateaz

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s