Estatugintza eta herrigintza

Euskal Estatua, nolakoa eta nola lortu? Gogoeta berriak agertu dira azken aste eta hilabeteetan, eta zenbait eskema ere hausten ari dira. Gero eta gehiago hasi dira argiki erraten Ipar Euskal Herria ez dela nehoiz izanen euskal estatu baten parte. Ez bederen nazioarteko araudien araberako independentzia prozesu baten bidez. Beste bide batzuk bilatu beharko dira Zazpiak Bat ametsa bermatzeko.

Oraingoz, indar harreman aski handi bat izatekotan, EAEn legoke, eta horrek zabaldu du euskal estatua EAEra mugatzeko hipotesia. Hala ere, erreferendum bat eginen balitz, independentziaren aldekoek irabaziko ote lukete? Horretan ere duda handiak daude. Horregatik, batzuek proposatzen dute estatua lortzearen arrazoia ez izatea euskal nazioa edo nortasunaren gaia, baizik eta demokrazia. Hurbileko erabakiguneez gain, proiektu independentistak landu behar ditu ekonomia eta gizarte arloetako gai guztiak, euskal estatu batek eguneroko bizitzan zer hobe lezakeen erakusteko. Argudio berriekin lortu nahi da euskal nazioarekin identifikatzen ez direnak ere euskal estatuaren alde egotea. Zaila da pentsatzea bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek estatu horretatik ateratzearen aldeko hautua egin lezakeela.

Kasu guztietan, nortasun gatazka ez da hain erraz ezabatuko. Gaur egun, hiru nazio sentimentu nagusi daude Euskal Herrian. Ezin da ukatu, halaber, hiru nazio sentimentu horietatik bi nagusitu direla indarrez eta mendeetako zapalkuntzaren ondorioz: gure nortasuna, hizkuntza eta kultura gutxietsiz, zokoratuz eta debekatuz; jazarpenaren bidez, batzuetan gerren bidez, kolonizatuz, beren nagusitasun militar, ekonomiko, politiko, administratibo, kultural eta komunikatiboaren bidez. Euskarak eta euskal nortasunak iraun badute, iraun dute beren indarrez. Eta gaur egun oraino baldin bada euskal estatu baterako gogoa, euskal nortasunak iraun duelako da. Bistan da gainerako arloak lantzea funtsezkoa dela estatu bat sortzeko. Baina ez dezagun ahantz nortasuna dagoela proiektuaren oinarrian: argudio hori kaltegarritzat jotzea eta bigarren planoan utzi edo baztertu behar dela erratea, nortasunaren borroka galdu dugula aitortzea bezala da.

Abertzaletasunaren izenean, azken mende erdian egin diren giza eskubideen urratzeei begirako autokritika egin beharko da, bai. Baina mendeetan zehar herri txiki baten deusezten ibili eta ibiltzen direnek ere aitortu beharko dute herri honi jasanarazi eta jasanarazten diotena. Eta onartu beharko da erreparazio historiko bat, gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alde. Hori ez bada egiten, ezin dugu adierazi hiru nazio sentimentu daudela Euskal Herrian, naturala balitz bezala. Eta gaur egun oraino nagusi diren bi naziotasun horiek segituko dute nagusi izaten; eta diskriminazio positiboaren bidez euskara nagusitzen bada, kexatuko dira.

Helburua ez da estatua lortzea, estatua lortzeagatik, baizik eta herri honek bizirik irautea, euskaldun gisa esistitzea. Hori bermatu ahal izateko nahi dugu estatua. Eta, hala ere, ez da aski izanen. Batetik, Espainiarekiko nortasun lotura sendoa izanen litzatekeelako. Bestetik, zazpi herrialdeak ez liratekeelako estatu horretako parte izanen. Nehor ez denean estatu, denen artean zerbait eraikitzea zaila da, baina egin daiteke – eta egin da azken hamarkadetan. Zati bat estatu bada, ongi pentsatu eta diseinatu beharko da beste zatiarekiko harremana; menperatuaren esku segitzen duena ez ahanzteko, eta harekin ere eraikitzeko herria. Ustezko pragmatismoak ez ditzala zapuztu azken urteetako ametsak eta proiektuak.

(Berria-n argitaratua)