Hirugarren eztenkada

(Berria-n argitaratua)

Frantziako deszentralizazio erreformaren ondorioetariko bat izanen omen zen ‘pays’ egitura desagertzea eta horren ondorioz Hitzarmen Berezia, Garapen Kontseilua eta abar indargabetzea. Horrek bultzatu zituen Lurralde Elkargoa aldarrikatzera, berriki arte Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren aurka zeudenak ere.

Alderdi Sozialistako hautetsiek Hitzarmen Berezia berriz negoziatzeko egindako proposamena onartuz (nahiz eta gaur egun oraino ez den garbi zer izanen den hori berritzea bermatuko lukeen modua), Hautetsien Kontseiluak Lurralde Elkargoaren aukerari atea itxi dio. Horren alde jarraituko dutela azaldu dute, baina aldarrikapen horretan amore eman dute, Hitzarmen Berezia berrituz Lurralde Elkargoaren premia anitz ahulduko baita.

90eko hamarkadan izenpetu zen lehen Hitzarmen Berezia, Frantziako Gobernua sozialisten eskuetan zegoenean. Eta ondoko urteetan, Ipar Euskal Herriko hautetsi sozialistak beti aho beteka ari ziren, haiei esker sekulako dirutzak negoziatu zituztelakoan Ipar Euskal Herriarentzat, eta horrela erlatibizatu nahi zuten euskal departamentua sortzeari uko egitearen ardura. Hura izan zen bigarren eztenkada, Jospinengandik sortu itxaropena zapuztu zuena. Lehena ere sozialistek eman zuten, 1981ean, Mitterrandek hitza jan zuenean, euskal departamentuaren harira.

Orain, Hitzarmen Bereziaren salbatzaile gisa agertu nahiko dute beren burua sozialistek, Lurralde Elkargoa antzara ferratzera igorri dutela ahantzaraziko baligute bezala. Ororen buru, hirugarren aldiz, hautetsi horiek nahiago izan dute beren alderdiaren irudia salbatu eta Parisek manatzen duenari men egin, Ipar Euskal Herriak eskatzen duena bururaino defendatu eta Parisko beren alderdikideei buru egin baino. Baina gauza bat aldatu da: Lurralde Elkargoaren aldeko jarrera lehen baino zabalagoa da.

Advertisements