Berria, eguzkia eta euria

Duela hamar urte larunbata zen. Larunbat berezia. Kioskoan geneukan oparia. Esku artean geneukan Berria. Indartsu zegoen eguzkia. Hura sargoria!

Bertsozaleen plaza bihurtu zen Mungia. Han iragan zen Eskolarteko bertsolari txapelketako finala. Beñat Gaztelumendik txapela Berria-ri eskaini zion, bertso hunkigarri batean. Aitzineko hilabeteetan bizi izandakoaren ondotik, Berria sortu genuen Egunkaria-ko langile ohientzat emozio handiko eguna izan zen.

Nahiz eta Euskaldunon Egunkaria itxi ondoan, egunero (astelehenetan salbu) Egunero egunkaria argitaratzen genuen, bagenekien ez zela gauza bera. Eta Berria sortu aitzineko egun eta asteetan ekainaren 21 hura genuen jomugan. Indar guztia egunkari berri hartako lehen zenbakietarako atxiki nahi genuen: lantzen ari ginen erreportaje eta elkarrizketa interesgarrienak, lortu genituen albiste esklusiboak Berria-ren lehen zenbakietarako atxiki nahi genituen. Egunkari bikain bat sortu nahi genuen: hori zor genien Egunkaria-ren irakurle leialei, Egunkaria itxi ondoan sostengua adierazi ziguten guztiei, eta baita ere euskaldun guztiei eta Euskal Herriari.

Euskal Herriak 1990eko abenduaren 6tik aitzina bazuen euskarazko egunkari nazional bat, kalitatekoa, plurala eta duina. 2003ko otsailaren 20an itxi zuten, bortizki eta bidegabeki. Egunero-k hartu zuen lekukoa, trantsizio gisa. Euskal Herriak eta euskarak geroan ere behar zuten egunkari nazional eta kalitateko bat, plurala, Egunkaria bezala, Martxelo Otamendik gaur berean Berria-n azaldu bezala.

Zergatik erosi behar zen Berria? Zergatik egin harpidetza? Euskaraz delako bakarrik? Ekintza euskaltzale gisa soilik? Nire ustez euskaldun orok dauka eskubidea euskaraz lortzeko kalitateko informazioa, bere herrian eta munduan gertatzen denaren berri jakin ahal izateko, erdarazko egunkarietara jo behar izan gabe. Kalitatea ezinbestekoa da. Euskararen normalkuntza beste hizkuntzek eskain dezaketenaren parera heltzetik etorriko da. Bihotzak euskarazko egunkaria erosarazten badio euskaltzaleari, baina informazio goseak beste egunkari bat ere erosteko beharra sortzen badio, ez gara euskara laguntzen ari.

Zorionez, Berria-k beti egin du indarra irakurle euskaldunari informazio duina eskaintzeko ahaleginean. Baina garai zailak dira azken urteetan, eta 2003ko ekainaren 21a udako egun bero haietariko bat zen bezala, 2013ko ekainaren 21a egun goibel, fresko eta euritsua atera zaigu. Hedabideen egoeraren adierazgarri ote?

Egoera ekonomikoak ondorioak ditu alde guztietan, eta baita egunkaria egiteko baliabideetan ere, langile kopuruan, lan baldintzetan eta abar. Hedabide guztietan ari dira murrizketak egiten, eta murrizketen ondorioak kalitatean nabaritzen dira. Eta informazio landua ez daiteke eskaini baliabide murriztuegiekin.

Publizitatearen merkatuaz gain, euskarrietan, irakurtzeko ohituretan eta irakurtzeagatik ordaintzeko joeretan aldaketak gertatzen ari dira. Aldaketa horiek erronka handia dira denentzat, baita Berria-rentzat ere. Irakurleok jakin behar duguna da Berria-k eskaintzen digun informazioa, webguneari esker, doan lor badezakegu ere, horrek gastu bat daukala, eta ez badiogu gure laguntza ematen, noizbait ez dela dirurik izanen informazio hori eskaintzen diguten langileen ordaintzeko, eta beraz noizbait ez dugula eskuratuko informazio hori, ez delako produzituko. CodeSyntax-ek Twitter/Umap-i buruz egin duen ikerketak garbi erakusten du euskarazko erabiltzaileen artean gehien zabaltzen diren loturak hedabide profesionaletan sortutakoak direla. Langile batzuek orduak pasatu dituzte informazio hori eskaintzeko, eta horiek dira irakurleen artean arrakasta handia dutenak.

Irakurleek bezala, erakunde publikoek ere argi eduki behar dute, demokrazia batean prentsa oinarrizko tresna dela, eta haren biziraupena, aniztasuna eta kalitatea bermatzea erakunde publiko horien betekizuna dela.

Eta Berria-k jarraitu behar du euskarazko egunkari nazionala izatearen erronkari eusten, euskararen munduan erreferentzia izaten eta kalitatea eta sakontasuna eskaintzen.

Azkenaldian multimedia anitz aipatzen da. Eta horri begira gogoeta sakona egin behar dute denek. Batetik dago multimedia tresnen erabilera, Internet-en apustua eta horrekin batera bat-batekotasuna, albisteen berritze erritmo bizia… Baina ez dugu ahantzi behar prentsaren beste arloa: kalitatea, sakontasuna, ulertzeko giltzak eskaintzea. Bi zutabe horiek desberdintzea eta bakar bat ere landu gabe ez uztea da erronka.

Funtzionarioen paga eta Berriaren diru-laguntza

Gai delikatua da, eta ondorio sinpleegirik ez nuke atera nahi, bi gertakariek ez baitute baitezpada lotura zuzen-zuzena. Baina, egun berdintsuetan gertatu dira biak: oraino indarrean dagoen Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen paga ez ordaintzeari uko egin dio, eta Berria egunkariari hitz eman zion diru-laguntzari dagokionez, hitza jan du.

Hainbat hobe funtzionarioentzat (lehen erabakiari dagokionez), baina beste sektore anitzetan soldatak izozturik dauzkate zenbait urte hauetan, ez baldin badizkiete murriztu edo ez badira lanpostuak desagertu. Berria ez da krisi latz hau jasaten duen enpresa bakarra, ez eta ere hedabide bakarra. Baina ohar gaitezen Eusko Jaurlaritzak hitza jatearen ondorioz, Berria taldeak urtea bururatuko duela espero baino galera handiagoekin, ustekabe hori azken unean gertatzeak aurreikusi gabeko egoerari beste aterabide bat aurkitzeko astirik uzten ez diola jakinez. Ondorio bat izan daiteke (araiz ez) langileen soldatak, 2009tik izoztuak, murriztea edo abenduko paga ez ematea. Baina boterean jarraituko ez duen oraingo Jaurlaritza hobeki gelditzen da funtzionarioei paga ez diela kendu erranez, eta ez du zuzenean publikoki komunikatu behar izan Berriari diru-laguntza kendu diola, are gutxiago, erabaki horren ondorioz funtzionarioak ez diren eta haiek bezainbat irabazten ez duten beste langile batzuk utz ditzakeela abenduko pagarik gabe.

Dena den, izan neurri hori edo beste bat, euskarazko prentsa ahultzea izanen da ondorioa.