Hollande eta europar korporatismoa

Ekuazioa sinplea da: «gu demokrazia bat gara, gu Europako Batasuneko estatu bat gara; Espainia Europako Batasuneko estatu bat da, beraz Espainia demokrazia bat da».

Laburbilduz, hori da atzo François Hollandek zabaldu nahi izan zuen mezua, Aurore Martini buruzko galderari erantzutean. Beti berdin egiten du Frantziak: Espainiaren baitako konfiantza erakutsi. Gisa horretan, Aurore Martinen kasuan bezala, bere aurpegia zuritzeaz gain, Espainiaren egitateen aurrean begiak ixten ditu.

Jarrera korporatiboa dago hor. Espainia eta Frantzia maila bereko kideak dira: Europako Batasuneko kideak. Eta Frantziak nahiago du ez sartu bere maila bereko estatu baten trapu zikinetan, maila bereko beste estatu bat ez dadin sar Frantziaren saltsetan.

Gauza bera pasatzen da edozein taldetan edo lan taldetan. Hierarkia maila bereko lankideak ez dira elkarren aurka hitz egiten hasiko zuzendaritzaren aurrean, lankide baten jarrerak besteari kalterik ez badio egiten bederen.

Eta Espainia egoera horren gibelean babesten da. Agintariak hauteskunde bidez hautatzen dira eta Europako Batasuneko estatu bat da. Ez zaio berme gehiago eskatzen demokraziak ongi funtzionatzen duela erakusteko.