Boz urte (I): abertzaleen bideak zinegotzi bihurtzeko

Ipar Euskal Herrian ez dira Hego Euskal Herrian bezain ardura izaten herriko bozak. Sei urtetarik behin ditugu bakarrik. Bozen antolaketa bera ere guztiz desberdina da. Heldu den urteko martxoan dira udal hauteskundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hots ikasturte honetan. Jadanik ari dira bazterrak berotzen eta ikasturtean zehar Iparraldeko mugimendu politiko gehiena hauteskunde horietara bideratuko da, nahiz eta udazkenean beste hitzordu inportante batzuk badiren lurralde antolaketaren erreformaren harira.

Iparraldeko herriko bozak nekez uler ditzake Hegoaldeko batek, han bezala funtzionatzen duela uste badu. Ez da hango eskemen arabera begiratu behar. Alderdi politikoen pisua anitzez txikiagoa da Iparraldean. Hasteko, alderdi politikoak ez dira erakunde horietatik eta hauteskunde horietatik diruztatzen. Baina bereziki, hauteskunde sistema osoki desberdina da. Alde batetik daude 1.500 biztanlez beherako herriak, non bozkatzen duenak zerrenda bakoitzetik nahi dituen hautagaiak hautatu edo baztertu ditzakeen (zerrenda bat hartzean bi aukera ditu: zerrenda osoaren alde bozkatu, edo izen batzuen gainean marra egin eta beste izen batzuk proposatu, hauteskundeetan aurkezten ez direnena barne). Zinegotzi bihurtzeko, hautagai bakoitzak behar du bozen erdia baino gehiago. Ondorioz, kasu gehienetan, zerrenda irabazleko hautagai guztiak bihurtzen dira hautetsi, eta zerrenda galtzailekotik bakar bat ere ez da herriko kontseiluan sartzen, bozen %49 eskuraturik ere.

Herri handiagoetan, sistema proportzionala da. Haatik kasu: zinegotzien erdia zerrenda irabazlearentzat izaten da, eta beste erdia zerrenda guztien artean banatzen da, lortutako bozen arabera. Ondorioz, zerrenda irabazleak gehiengo osoa segurtatua du. Lehen itzulian ez badu bozen erdia baino gehiago lortu, bigarren itzulia egiten da. Bigarren itzulian, aski da gehiengo sinplea lortzea, zinegotzien erdia baino gehiago eskuratzeko. Lehen itzuliaren eta bigarren itzuliaren artean zerrendak alda daitezke, zerrenden arteko akordioen bidez. Gutxieneko boz kopuru bat behar da bigarren itzulian aurkeztu ahal izateko edo beste zerrenda batekin bat egin ahal izateko. Zerrenda batek gehiengo osoa lortzen badu lehen itzulitik, boz aski lortu ez duen zerrenda zinegotzirik gabe geldi daiteke.

Horiek kontuan hartuz, nola egin dezakete abertzaleek ahal bezainbat zinegotzi lortzeko?

Herri txikietan, zerrendak osatzen dituztenean, zinegotzi bihurtzeko aldagai hori kontuan hartzen dute, eta gehienetan ez dira alderdien araberako zerrendak osatzen, baizik eta herri barneko harremanen araberakoak. Abertzaleek egin dezakete zerrenda bakar bat, edo zerrenda batean edo bestean sar daitezke. Hauteskundez hauteskunde, belaunaldiak pixkanaka berritzen dira, jende gaztea sartuz. Abertzaleen belaunaldia dinamikoa da, eta herrian inplikatzen badira gisa batez edo bestez, aise lortzen dute zerrendetan sartzea, baita zerrendaburu gisa ere. Gisa horretan, aitzineko hauteskundeetan hautetsi eta auzapez abertzale gazte berri andana bat sartu zen. Pentsa daiteke fenomeno horrek aitzina segituko duela heldu diren hauteskundeetan ere.

Herri handietako hauteskundeak politikoagoak dira; alde horretatik, zerrenden osatzea « sinpleagoa » izan daiteke. Baina kalkuluak ere konplikatuak dira. Desadostasunak eta zatiketak ere araberakoak. Herri bakoitzak bere errealitatea du. Lehenik ikusi behar dute zein den helburua: oposizioan egotea, bizpahiru hautetsirekin, ala gobernura heltzea, hauteskundeak irabaziz edo beste zerrenda batekin aliantza eginez, azken urteetan Miarritzen egiten duten gisan. Zerrenda abertzale soil bat osatuz, hauteskundeak lehen itzulian trenkatzen badira, hautetsi batzuk lor daitezke, salbu emaitza espero baino txarragoa baldin bada. Hauteskundeak ez badira lehen itzulian trenkatzen eta zerrenda abertzaleak ez badu bozik aski lortu, ez daiteke bigarren itzulian aurkeztu eta zinegotzirik gabe gelditzen da.

Beste aukera bat da akordio bat lortzen ahalegintzea, hauteskundeak irabaztekotan. Helburu horretara heltzeko bi bide daude: lehen itzulian zerrenda abertzalea osatu eta bigarren itzulirako akordioak egin; edo lehen itzulitik koalizio bat osatu. Lehen aukerak arrisku bat dauka: hauteskundeak lehen itzulitik trenkatzen badira, kasu hoberenean oposizioan zinegotzi bat edo beste lortzea. Bigarrenak beste alde ilun bat dauka: abertzaleen indarra ezin neurtu izana eta haien mezua eta presentzia diluituak izatea. Horrez gain, zatiketa iturri den beste apustu bat da: norekin egin koalizioa lehen itzulitk? Desadostasun politikoak sor daitezke: euskaldunei begira hetsiak diren ezkertiarrekin ala nahiko euskaltzale ageri diren zentristekin? Beste duda da, apustu taktikoa: zeinek ditu hauteskundeak irabazteko aukera handienak? Merezi ote du zerrenda batean urtzea eta nortasunaren zati bat galtzea, irabazteko segurtamenik ez bada, jakinez, gainera, zerrenda horrek hauteskundeak galduz gero, litekeena dela abertzaleak zinegotzirik gabe gelditzea?

Kasu guztietan, kontuan hartu behar da ez daitekeela erabaki uniformerik hartu, herri eta hiri bakoitzeko errealitatea desberdina delako, bai tendentzia politiko bakoitzaren indarra, bai bakoitzaren jarrera politikoa, bai elkarren arteko harremanak edo herri horretako auzi nagusiak. Erabakiak herriz herri hartu beharko dira, aitzineko hauteskundeetan bezala, lekuan lekuko errealitateen arabera.

(enbata.info-n argitaratua)

Advertisements

Espagnac-en emendakinaren akatsa, aukera

Gaur Le Journal du Pays Basque egunkariak zabaldu duen informazioaren arabera, Espagnac-ek Frantziako Senatuan aurkeztu zuen emendakinak akats juridikoa dauka, eta litekeena da ez aurrera egitea. Pirinio Atlantikoetako senatari sozialistak nahi du “pays” egitura bihurtu herrien arteko kooperaziorako erakunde publiko (EPCI). Arazoa da, “pays” egitura elkarte bat dela, eta elkarte bat ez daitekeela erakunde publiko bihurtu.

Lurralde Elkargoari uko egin ondoan, Espagnacen bitartez, Frantziako Gobernuak erdibideko – erdibideko-edo – aukera hori proposatu zuen, aterabide tekniko bat eskaintzeko asmoz, azken bi hamarkadetan Ipar Euskal Herrian izan zen kontratu programen sistemarekin aurrera segitzeko. Gogora dezagun, Hautetsien Kontseilua eta Garapen Kontseilua elkarteen harira, eta “Pays” egituraren bitartez, Ipar Euskal Herriarentzako lurralde kontratuak izenpetzen zituztela Pirinio Atlantikoetako departamenduak, Akitaniako erregioak eta Frantziako Estatuak. Kontratu horiek diru partidak zeuzkaten. “Pays” egiturarik gabe, kontratu sistema hori bera ikusten dute arriskuan hautetsiek. Kontraturik ezean, Ipar Euskal Herriarentzako berezko erakunde baten premia sentitu zuten Lurralde Elkargoa eskatu zutenek.

“Pays” egituraren ordezko erakundea aurrera aterako balitz, berriz ere lurralde kontratu bat izenpetzeko aukera egon liteke. Baina akats juridiko hori dela medio, Espagnacen emendakina bertan behera geldituko balitz, hurrengo urteetarako lurralde kontratu bat izenpetzea konplikatuko litzateke. Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari begira, hobe da lurralde kontraturik ez izenpetzea, lurralde kontratu hori baita berezko erakunde bat sortzea ez dela beharrezkoa diotenen argudio nagusia. Ezinezkoa baldin bada lurralde kontratua izenpetzea, Lurralde Elkargoaren eskakizunaren premia ageriago geldituko litzateke. Beraz, Espagnacen akats juridikoak mesede eginen dio Lurralde Elkargoaren aldarrikapenari.

Naziotik estatura. Zein fasetan gaude?

“Euskal nazionalismoa XXI. mendean” nazionalismoari buruzko masterrak II. Kongresua egin zuen atzo Bilbon. “Naziotik estatura XXI. mendean” izan zen atzoko gaia, eta arratsaldeko mahai-inguruan parte hartzera deitu ninduten, Gaizka Aranguren, Xabier Barandiaran eta Urko Aiartzarekin batera. Bi galderaren inguruan prestatu nuen atzoko saioa, eta ondoko lerroetan jarriko ditut atzo erran nituenak eta denbora faltagatik erran gabe gelditu zirenak.

Naziotik Estatura, nola ikusten duzue bidea? Zein fasetan egongo ginateke gu?
Hasteko, nolako euskal estatua irudikatzen dugu? Zazpi herrialdeak bilduko lituzkeena? Hori da abertzaleek nahi duguna edo amesten duguna. Errealitatea konplikatuagoa da, alde administratibotik eta, bereziki, politikoki. Alde administratibotik, hiru egoera baldin badaude ere, nik bi ikusten ditut, zazpi herrialdeentzako independentzia oztopatzeko heinekoak: Frantziaren menpe dagoen eremua batetik, Espainiaren menpe dagoena, bestetik.

Hego Euskal Herrikoa, teorian, borondate edo akordio politiko batekin gaindi daitekeen muga administratiboa da. Zergatik ezin da egin erreferendum bat Nafarroan eta EAEn bietan batera? Funtsezko arazoa politikoa da, edo bi eremuetako indar harreman ezberdina. Pertsonalki, eremu osoa kontuan hartuta, nazio sentimenduaren indarra ez dut aski handia ikusten, Hego Euskal Herriak bere osotasunean independentzia lortzeko.

Ipar Euskal Herriarekin, egoera are gehiago konplikatzen da. Ipar Euskal Herrian, Frantziari begira abertzaleek duten indarra zinez ahula da. Nahiz eta bozetan lortzen duten %10-15 bitarteko emaitzari esker, arbitro papera bete dezaketen, zenbaki horrek berak erakusten du Ipar Euskal Herriko zenbatek uste duten Euskal Herria dela beren nazioa: hamarretik batek, asko jota. Gehiengo handi batentzat nazioa Frantzia baldin bada, ia ezinezkoa da lortzea Ipar Euskal Herria Frantziatik bereiztea eta euskal estatu batean sartzea.

Azken hamarkadetako bilakaerak ez du itxaropenerako tarte handirik uzten. Abertzale kopurua nahiko egonkorra da. Eta kopuru horrekin bakarrik ezin da pentsatu Ipar Euskal Herria independentzia prozesu batean sar daitekeenik.

Egoera horren erroak oso sakonak dira. Batetik, Iparraldeko jendeak historikoki hainbat gerla egin ditu Frantziaren alde, frantsesekin eskuz esku. Hori funtsezko elementua da Iparraldekoen frantsestea ulertzeko. Hegoaldekoek, aldiz, harreman gatazkatsuagoa izan dute Espainiarekin.
Bestetik, ez dauka erakargarritasun maila bera espainiarra izateak edo frantziarra izateak. Euskalduna izatea baino ohoragarriagoa da espainiarra izatea? Zein da Espainiaren herentzia ezaguna? Berriena frankismoa, gizarte atzerakoi eta oso katolikoa, gaur egun mundu osoko “ikasle txarrenetarikoa”…

Aldiz, frantziarra izateak beste ohore bat ekar dezakeela uste du euskaldun askok. Frantziako Iraultzaren herentzia, “la grandeur de la France”, herri zibilizatuen erreferentzia, estatu prestigiosoenetariko bat… Frantziarekin batera gerla egiteaz gain, euskaldun askoren ustez, frantsesa izatea gauza ederra da. Eta anitzek nahiago izan dute euskara ukatu eta ez transmititu, eta frantses bihurtu. Hegoaldetik 36ko gerla garaian errefuxiatu gisa joan ziren euskaldun frankorentzat ere ohoragarria da beren seme-alabak Frantzian zein ongi integratu diren ikustea, eta hori maiz pasatzen da euskaldun izateko ordez frantses bihurtzetik.

Mugimendu abertzaleak ez du lortu egoera hori aldatzea, ez duelako nahiko baliabiderik, ez indarrik, eta beharbada estrategiarik ere ez.

Lurralde Elkargoaren alde lortu den batasun zabala itxaropen iturri izan daiteke. Baina, kasu! Aldekoen zati handienak ez du dudan ezartzen frantses izaten segitu nahi izanen dutela. Ez dute bat eginen independentziaren eskaerarekin. Behin lurralde elkargoa lortuta (noizbait lortzen bada), abertzaleak bakarrik izanen dira beren proiektuarekin. Lurralde Elkargoak aukera berriak zabalduko lizkieke beren ideiak gehiago zabaltzeko eta eragina handitzeko?

Balizko euskal estatu batek – lau herrialdekoa edo hirukoa – Lurralde Elkargoarekin edo gabe, erakarmen indar bat izan lezake, Iparraldeko jendearentzat. Eragin bat izan lezake. Lurralde Elkargoa ere existituko balitz, bi erakundeek harreman hurbila izango lukete. Horrek ere eragin baikorra izan lezake.

Zazpi herrialdeko estatua urrun ikusten dut, biziki urrun. Pragmatikoa ote litzateke eremu aitzinatuena estatu bihurtzea? Estatutik kanpo gelditu direnak erakartzeko aukera ikus daitekeen bezala, arriskua ere ikusten dut: are gehiago urruntzea. Iruditzen zait, gainera, azkenaldian Iparraldea eta Hegoaldea elkarrengandik urruntzen ari direla (1).

Ideia interesgarri bat sortu zen 1998an, Euskal Herria bere osotasunean josten zuena: nazio eraikuntzaren estrategia, Udalbiltzarekin besteak beste. Orain arte arrakasta lortu duten formulak horiek izan dira Euskal Herrian: ematen ez dizkiguten tresnak sortu. Iparraldean hori egin dute Laborantza Ganberarekin, eta noizbait ofizialki onartua izatea lortuko du, ikastolek lortu zuten bezala. Horren lekuko aurten Frantziako Laborantza ministroa izan zela Laborantza Ganberaren urteurren ekitaldian.

Zeintzuk dira gure ahuluneak eta indar-guneak?
Ahuluneak:
•    estrategia garbirik ez dagoela;
•    batasun politikorik ere ez, are gehiago, zatiketa giro handia EAJren eta EH Bilduren artean. EAJ ez da oso bero ageri;
•    eremuen arteko egoera oso desberdinak (dena ez da Gipuzkoa, eta Gipuzkoan ere dena ez da Goierri);
•    gehiengoa, abertzaleak barne, Espainiari eta Frantziari begira (ikus euskal hedabideek dituzten erreferentziak, ereduak…);
•    zeinen menpe eta Espainiaren eta Frantziaren menpe egotea.

Indarguneak:
•    Borroka armatua behin betiko uzteak sortu duen egoera berria, aukera berriak zabaltzen ditu
•    Kanpora begira zilegitasun gehiago ematen digu
•    Batasun batzuk sortzea ahalbidetu behar luke (ez da lortu)
•    Eskoziako eta Kataluniako dinamikak lagungarri dira.

(1) Gaizka Aranguren-ek Gure Esku Dago-ren bideo-klipa jarri zuen bere diskurtsoa laguntzeko. Eta elementu oso adierazgarri batez ohartarazi gintuen. Bideoan ageri den kolorea berdea dela, ez dela horirik ageri: dauden plano guztiak Euskal Herri atlantikokoak direla; hots Nafarroaren zati handi bat eta Araba falta zirela. Horren haritik gehitu nuen nola ari zaizkigun egunero Euskal Herria EAEko eremura mugatzen, baita Euskal Herriaren zazpi herrialdeetako lurralde ikuspegia aldarrikatzen dutenak ere, datuen berriak ematean adibidez.

Entzuleen artean izan nuen galdera bati erantzun nion gero. Euroeskualdearen aukeraz galdetu zuen. Erran nuen azken urteetan ohartu naizela duela 10-15 urte baino gutxiago aipatzen dela euroeskualdea. Kasu guztietan, oraingoz Akitania-Euskadi litzatekeela eskualde hori, eta hor Euskal Herriak lurraldearen erdia baizik ez duela hartzen. Lurralde Elkargoarekin beste aukera bat sor daitekeela gehitu nuen. Eta ohar bat: isunak ordaintzeko akordioetara heldu badira ere, eguneroko bizitzan zenbateko trabak sortzen dizkigun bi estaturen menpe egoteak, telefono konpainiekin edo tren zerbitzuekin, adibidez.

Lurralde Elkargoaren inguruko batasun harrigarriaz

Hego Euskal Herritik Iparraldera begiratzen dutenek harriduraz hartzen dute Lurralde Elkargoaren inguruan lortu den batasuna: alderdi abertzale guztietako jendea, PS, Modem eta UMPko kideak, erakundeak (Merkataritza Ganbera, Garapen Kontseilua), sektore sozioekonomiko zabala… sekulako batasuna lortu da Ipar Euskal Herriaren ezagupena bermatuko lukeen erakunde berezi bat galdetzeko. Departamendu bat baino zerbait gehiago, erregioaren eta estatuaren zenbait eskumenekin.

Duela hamabost bat urte indar anitz bildu zen euskal departamendu baten aldarrikatzeko, baina inondik ere ez hain batasun zabala. Orain departamendu soil bat baino gehiago galdetzen duten horietarik batzuk ez ziren euskal departamenduaren alde 1999an.

Gauzak anitz aldatu dira, baina aldaketak ez dira bat-batekoak izan; prozesu luze baten emaitza da. Frantziako deszentralizazio proiektuaren harira, eta « pays » egitura desegitearen ondorioz, orain arteko erakundetze minimo horrekin konformatzen zirenak mugitu dira. Aspaldi du abertzaleek eta abertzaleak ez ziren hainbat hautetsik (ezkerrekoak eta eskuinekoak) erraten zutela Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua botererik gabeko erakundeak zirela eta Ipar Euskal Herriak hori baino zerbait gehiago behar zuela. Kontrakoek, ordea, zioten bi Kontseilu horietan egiten ziren gogoetek eta adosten ziren eskemek eragina zutela, gero, erakunde ofizialetan hartzen zituzten erabakietan.

« Pays » egitura desegiteak bizkortu du jende horrek iritzia aldatzea, orain arteko lan egiteko modu hori arriskuan ikusi dutelako. Baina ez ote dute ere, nonbait, aitzakia ederra ikusi, eramanezina bihurtzen ari zitzaien jarrera aldatzeko? Alabaina, euskal departamenduaren kontrako postura harturik, nola justifika zezaketen alde bihurtzea? Arrazoi bat behar zuten, eta deszentralizazio prozesu hori izan da arrazoietariko bat. ETAk borroka armatua behin betiko uzteak ere lagundu omen ditu urrats hori egiten.

Baina urrats hori ez zuten eginen euskal departamenduaren (orain Lurralde Kolektibitatearen) aldeko jarrera ez balitz hain zabala izan, ez balu halako indarra izan. Zenbait jakobino porrokatu kenduta, Ipar Euskal Herriko politikarentzat ez zen bideragarria kontrako jarreran tematzea. Departamenduaren aldeko iritzia zinez zabaldua zen Ipar Euskal Herrian, eta hori begi bistan zeukaten. Gainera, ikusiz hainbat hauteskundetako giltza abertzaleek dutela (bereziki udal hauteskundeena), politikari anitzi komeni zitzaien jarrera ireki hori hartzea.

Adostasun zabal hori etorri da, azken hogei urteetan, tendentzia politiko guztietako eta sektore politiko, kultural eta sozioekonomikoko jendea elkarrekin lan egiten aritu delako. Garapen Kontseilua maiz kritikatu dute abertzaleek, hori ez zelakoan eskatzen zena, ontzi huts bat zelakoan, autonomiaren aldarrikapena ezeztatzeko taktika bat zelakoan… Baina bertute bat aitortu behar zaio: elkarrekin lanean jarri ditu ibilbide, iritzi eta proiektu politiko kontrajarriak zituzten pertsonak. Elkarlan horren bidez, ikuspegi trukatze bat gertatu Ipar Euskal Herriaren izaera ekonomikoaz, linguistikoaz edo kulturalaz; eta zenbait proiektu obratu dira edo zenbait politika egokitu, gabeziak gabezia eta desadostasunak desadostasun. Argi dena da 90eko hamarkadan elkarrekin marraztu zuten Ipar Euskal Herria ez dela 70eko eta 80ko hamarkadetan hartzen ari zen itxurakoa.

Lan dinamika horrek anitzi begiak ireki arazi dizkie (batzuei lehenago, beste batzuei geroago), eta balio izan du Garapen Kontseiluaren eta Hautetsien Kontseiluaren mugak agerian uzteko eta euskal departamendu edo erakunde berezi baten beharraz ohartzeko. Balio izan du ere horrelako aldarrikapen baten inguruan, lehenago pentsaezina izan zitekeen batasunak sortzeko. Zubi lan horren fruitua izan da, hein handi batez, Lurralde Elkargoaren inguruko adostasun zabal horren eraikuntza.

Bistan dena, ez litzateke halako adostasunik lortuko independentzia aldarrikatzeko balitz; indar harremana ez delako independentzia aldarrikatzen dutenen alde. Baina, gutxienez, Lurralde Elkargoaren alde diren guztiek errespetatzen dute batasun horretako bakoitzaren jarrera independentziaren gaiari begira. Geroak erranen du zer bide egiten duen independentziaren aldeko jarrerak, baina oraingoz, batasun ikusgarria lortu da, urteetako elkarlanari esker.

(enbata.info-n argitaratua)

Vallsek Iparraldea dantzan jarri du

1981etik hona gauzak anitz aldatu dira Ipar Euskal Herrian. Eta Manuel Valls Frantziako Barne Ministroak azkenaldian erakutsi duen jarrerak duela hamar urte esperoko ez zen erantzun bateratua eragin du: alderdi politiko guztietako – Vallsen alderdikideak barne – hautetsi eta arduradunak oso haserre agertu dira, eta itxura bateratua eman dute.

Hasteko, Ipar Euskal Herriarentzako egitura administratibo bat ukatzeko modu lehor eta bortitza izan da haserrea piztu duena: Espainiako hedabide batean, aldarrikapena ETArekin lotuz eta hautetsien gehiengoa gutxietsiz (“hautetsi batzuek eskatzen dute”). Egun batzuk lehenago Marilyse Lebranchu lurralde antolaketaz arduratzen den ministroak Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat hartu eta onarpenari begirako itxaropena eman ondoan, Manuel Valls-ek zeharkako bide bat erabiltzea eta ezezkoa hain gogor ematea ulertezina da, azken urteetan Iparraldearen lurralde ezagupenaren alde lan egin eta jarrerak elkartu dituzten guztientzat.

Frantziako Gobernuaren barneko lidergo lehiak ere egon daitezke kontraesan horren gibelean, baina baita beste faktore bat ere: Lebranchuren bileratik landa, Espainiako Gobernuak berehala deitu zion Frantziako Gobernuari, Ipar Euskal Herriari ezagupenik ez aitortzeko eskatuz.

Ez da lehen aldia. Baina ETAk borroka armatua utzi duenetik lehen aldia izan da. Espainiak Ipar Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea eta Frantziak obeditzea harrigarri da; baina Valls-ek ordezkatzen duen sektore jakobinoak aitzakia gutxi aski du horrelako aldarrikapenen kontra egiteko.

Aitzakia bila ibili da ere Aurore Martinen atxiloketan zerikusirik ez zuela justifikatzeko, erranez berak ez duela ezer agindu, baina poliziari ez ziezaiokeela agindu legea ez betetzea. “Ohiko” kontrol batean atxilotu omen zuten, baina hainbat lekukotasunen arabera, Maule inguruak kontrolez josiak zeuden ordu hartan.

Lurralde Elkargoari buruzko erantzunetik egun gutxira eta Herrira-k deitutako manifestazioa baino aste bat lehenago gertatzeak, Aurore Martinen elkartasuna eta atxiloketaren kontrako kexua zabaldu baizik ez ditu egin. UMP eta PS bezalako alderdietako arduradun eta hautetsiak neurriaren kontra daude, hor ere ikusten dutelako Espainiaren esku-sartzea “Frantziako” aferetan. Ulertezina iruditzen zaie “Frantzian” legezkoa den aktibitate batengatik, Ipar Euskal Herriko herritar bat Frantziak berak Espainiako Justiziaren esku uztea.

Ororen buru, zer ikusten dute? Ipar Euskal Herria Espainiaren menpe dagoela, ez Frantziaren menpe. Abertzaleak ez direnek modu bikoitzean ikusten dute beren ekimena eta erabaki eskubidea zapaltzen dituztela: Frantziak eskaera horri kasurik ez eginez batetik, eta bestetik – eta hori zaie mingarriena – ukapenaren erantzule agerikoa Espainia izatea.

Abertzaleak ohituak dira horrelako egoeretara. Berria dena da orain arte Ipar Euskal Herriak funtsezko ezagupenik ez izatearekin bat zetozen hautetsi horiek guztien jarrera aldatu dela. Orain, haiek ere eskatzen dute Ipar Euskal Herriarentzako ezagupena; eskaera ez da gehiago gutxiengo abertzale batena, baizik eta alderdi orotako jendea biltzen duen gehiengo nagusi batena. 1981ean euskal departamendurik ez bazen sortu (Mitterrand-ek hitza jan zuen hartan) edota 1991n egitura administratibo propio bat sortzeko aukera zapuztu bazen, ageriko erantzuleak Ipar Euskal Herriko hautetsiak ziren. Frantziako Gobernuak erran zuen Ipar Euskal Herrian ez bazuten halakorik nahi, ez zutela sortuko.

Orain, ordea, politikarien artean bilakaera bat gertatu da. Ipar Euskal Herriak erabakiak hartzeko tresnak falta dituela ikusi dute azken hogei urteetako esperientziaren emaitzetan oinarrituz. “Sasi-erakunderik” ez dute nahi. Orain, benetako erakundeak sortzeko garaia dela uste dute. Hori lagundu du Frantziako lurralde antolaketaren erreforma proiektuak, baina baita ere gizarte zibilean Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren eskaerak lortu duen babes zabalak, Batera plataformaren inguruan bereziki. Bestetik, 2012ko udaberriko hauteskundeetan, ezagupen instituzionalaren aurkari sutsuenek aulkia galdu zuten. Michele Alliot-Marie bezalako baten ordez Sylviane Allaux diputatu izateak ere anitz lagundu du. Gauza bera Baionan, Colette Capdeviellekin. Biak ere sozialistak, Vallsen alderdikideak.

Orain, ikusi behar da zein izango den hautetsi horien guztien jarrera etorkizunean. Larunbatean Herrira-k deitu duen manifestaziora joanen direla iragarri dute (pentsa Hego Euskal Herriko sozialistak eta PPko zenbait urtarrileko manifestaziora joaten direla!). Zein jarrerarekin segituko dute?

Bestalde, zer eginen du Marilyse Lebranchuk? Urtarrilean etorriko al da Euskal Herrira bisitan, hitz eman zuen bezala? Zer errateko?

Badago beste elementu bat ere, eztabaida honetatik baztertu behar ez dena: aurtengo Lurrama ekitaldian, Frantziako Laborantza Ministroaren bisita izan dute. Euskal Herriko Laborantza Ganberari zilegitasun baten aitortza izan zen hori, nahi ala ez. Historikoa da, ikusita Frantziako Estatua zein gogor aritu den Laborantza Ganberaren aurka. Laborantza Ganbera ofizializatuko dutelako seinale da? Horrekin kontsolatu nahiko dute lurralde elkargoa ez sortzea? Eta hori nahikoa izanen da Ipar Euskal Herriko klase politikoa lasaitzeko?