Berria, eguzkia eta euria

Duela hamar urte larunbata zen. Larunbat berezia. Kioskoan geneukan oparia. Esku artean geneukan Berria. Indartsu zegoen eguzkia. Hura sargoria!

Bertsozaleen plaza bihurtu zen Mungia. Han iragan zen Eskolarteko bertsolari txapelketako finala. Beñat Gaztelumendik txapela Berria-ri eskaini zion, bertso hunkigarri batean. Aitzineko hilabeteetan bizi izandakoaren ondotik, Berria sortu genuen Egunkaria-ko langile ohientzat emozio handiko eguna izan zen.

Nahiz eta Euskaldunon Egunkaria itxi ondoan, egunero (astelehenetan salbu) Egunero egunkaria argitaratzen genuen, bagenekien ez zela gauza bera. Eta Berria sortu aitzineko egun eta asteetan ekainaren 21 hura genuen jomugan. Indar guztia egunkari berri hartako lehen zenbakietarako atxiki nahi genuen: lantzen ari ginen erreportaje eta elkarrizketa interesgarrienak, lortu genituen albiste esklusiboak Berria-ren lehen zenbakietarako atxiki nahi genituen. Egunkari bikain bat sortu nahi genuen: hori zor genien Egunkaria-ren irakurle leialei, Egunkaria itxi ondoan sostengua adierazi ziguten guztiei, eta baita ere euskaldun guztiei eta Euskal Herriari.

Euskal Herriak 1990eko abenduaren 6tik aitzina bazuen euskarazko egunkari nazional bat, kalitatekoa, plurala eta duina. 2003ko otsailaren 20an itxi zuten, bortizki eta bidegabeki. Egunero-k hartu zuen lekukoa, trantsizio gisa. Euskal Herriak eta euskarak geroan ere behar zuten egunkari nazional eta kalitateko bat, plurala, Egunkaria bezala, Martxelo Otamendik gaur berean Berria-n azaldu bezala.

Zergatik erosi behar zen Berria? Zergatik egin harpidetza? Euskaraz delako bakarrik? Ekintza euskaltzale gisa soilik? Nire ustez euskaldun orok dauka eskubidea euskaraz lortzeko kalitateko informazioa, bere herrian eta munduan gertatzen denaren berri jakin ahal izateko, erdarazko egunkarietara jo behar izan gabe. Kalitatea ezinbestekoa da. Euskararen normalkuntza beste hizkuntzek eskain dezaketenaren parera heltzetik etorriko da. Bihotzak euskarazko egunkaria erosarazten badio euskaltzaleari, baina informazio goseak beste egunkari bat ere erosteko beharra sortzen badio, ez gara euskara laguntzen ari.

Zorionez, Berria-k beti egin du indarra irakurle euskaldunari informazio duina eskaintzeko ahaleginean. Baina garai zailak dira azken urteetan, eta 2003ko ekainaren 21a udako egun bero haietariko bat zen bezala, 2013ko ekainaren 21a egun goibel, fresko eta euritsua atera zaigu. Hedabideen egoeraren adierazgarri ote?

Egoera ekonomikoak ondorioak ditu alde guztietan, eta baita egunkaria egiteko baliabideetan ere, langile kopuruan, lan baldintzetan eta abar. Hedabide guztietan ari dira murrizketak egiten, eta murrizketen ondorioak kalitatean nabaritzen dira. Eta informazio landua ez daiteke eskaini baliabide murriztuegiekin.

Publizitatearen merkatuaz gain, euskarrietan, irakurtzeko ohituretan eta irakurtzeagatik ordaintzeko joeretan aldaketak gertatzen ari dira. Aldaketa horiek erronka handia dira denentzat, baita Berria-rentzat ere. Irakurleok jakin behar duguna da Berria-k eskaintzen digun informazioa, webguneari esker, doan lor badezakegu ere, horrek gastu bat daukala, eta ez badiogu gure laguntza ematen, noizbait ez dela dirurik izanen informazio hori eskaintzen diguten langileen ordaintzeko, eta beraz noizbait ez dugula eskuratuko informazio hori, ez delako produzituko. CodeSyntax-ek Twitter/Umap-i buruz egin duen ikerketak garbi erakusten du euskarazko erabiltzaileen artean gehien zabaltzen diren loturak hedabide profesionaletan sortutakoak direla. Langile batzuek orduak pasatu dituzte informazio hori eskaintzeko, eta horiek dira irakurleen artean arrakasta handia dutenak.

Irakurleek bezala, erakunde publikoek ere argi eduki behar dute, demokrazia batean prentsa oinarrizko tresna dela, eta haren biziraupena, aniztasuna eta kalitatea bermatzea erakunde publiko horien betekizuna dela.

Eta Berria-k jarraitu behar du euskarazko egunkari nazionala izatearen erronkari eusten, euskararen munduan erreferentzia izaten eta kalitatea eta sakontasuna eskaintzen.

Azkenaldian multimedia anitz aipatzen da. Eta horri begira gogoeta sakona egin behar dute denek. Batetik dago multimedia tresnen erabilera, Internet-en apustua eta horrekin batera bat-batekotasuna, albisteen berritze erritmo bizia… Baina ez dugu ahantzi behar prentsaren beste arloa: kalitatea, sakontasuna, ulertzeko giltzak eskaintzea. Bi zutabe horiek desberdintzea eta bakar bat ere landu gabe ez uztea da erronka.

Advertisements

Diploma banaketa ekitaldiko hitzaldia (2012koa)

Hurrengo lerroetan dago iazko ekainaren 8an Eskoriatzan egin nuen mintzaldia, Mondragon Unibertsitateko Huhezi-ko lizentziatura bukatu zuten ikasleen diploma banaketa ekitaldian.

“Ez dago arazorik”

“Eta horrela bizitzen gera

Sortuz ta sortuz gure aukera

Atsedenik hartu gabe:

Lana eginaz goaz aurrera

Kate horretan denok batera

Gogorki loturik gaude.”

Zenbat ekitalditan ez dira erabiltzen Xabier Leteren hitzak, besteak beste “Izarren hautsa” kantuaren edozein pasarte? Zerbaitegatik da Euskal Herriko olerkari handienetariko bat. Eta duela urte bat eta erdi umezurtz utzi bagintuen ere, haren heriotza ez zen bukaera izan. Beste fase baten hasiera izan zen. Gogoeta metafisikoetan sartu gabe, Xabier Lete bizi da, bizi da gure baitan, artistaren itzalak argitzen gaituelako. Artista baten sorkuntza heriotzarekin bukatu bazen ere, beste artista batzuen ibilbidea aurrera doa, eta artista berriak ere beti agertzen dira, eta horren seinale dugu Xabier Leteren omenez “Sortuko dira besteak” ikuskizuna herriz herri eskaintzen duten artisten lana.

Gure lehen negar malkoetatik azken hasperena bota arteko urte horietan beste bukaera eta hasiera asko ditugu. Batxilergoa bukatu zenutenean pentsatu zenuten: “listo, bukatu da”. Eta erantzungo zizueten: “Ez, orain hasten da dena”. Aste honetan berean ere hori bera entzun dut, tesi aurkezpenean: “Hau ez da bukaera. Orain hasten da dena”.

Gaur ospatzen ari zarete zuen lizentziaturaren bukaera. Eta nik zer erran behar dizuet, bada? “Ez, orain hasten da dena”. Autoko gida-baimena ateratzean erraten den bezala, “orain ikasiko duzue gidatzen”. Orain, zuen bidea bilatuko duzue, lan munduan, eta lanean arituz, gurekin ikasi duzuena sakonduko duzue, eta are gehiago ikasiko.

Xabier Letek dion bezala: Gizonak (eta, gehituko nuke, emakumeak) “Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu, jakintza eta argia”.

“Lana bai, baina non? Hasiera, bai, baina nondik eta nola hasi?”, galdetuko duzue, arrazoi osoz. Nola eduki itxaropena lan munduaren zeru gainetik trumoi hotsak baizik entzuten ez ditugun urte hauetan, eta iragarpenek ere ez digutenean eguzkirik hitz ematen?

Lanpostu berririk ez da sortzen, izatekotan desagertzen ari dira. Hedabideen sektorea oso kezkatuta dago. Dagoeneko badakizue, kontziente zarete, zaila izango dela enpresa bateko atea jo eta lana bertan aurkitzea. Hori da, gutxienez, etengabe zabaltzen ari zaizkigun mezua. Ez dira itxaropenerako garaiak.

Ez? Ez dirudi itxaropenerako garaiak direnik hauek. Gaur burura datorkit urte askotan Frantziako egunkari ezagun bateko zierrean lan egin zuen lagun batek noiz nahi errepikatzen zidana: “ez dago inoiz arazorik; aterabideak daude bakarrik”. Alegia, edozein arazo edo oztoporen aurrean, aterabideak bilatzen irakatsi zidan, edo gauza txarrenari ere alde ona ikusten.

Horregatik diot krisi ekonomiko latz hau aukera gisa ikusi eta erabili behar dela. Gaur zortzi, Arrasaten, tokiko hedabideak biltzen dituen Tokikom sareak jardunaldiak antolatuko ditu, eta Huhezik ere hartuko du parte jardunaldi haietan. Euskarazko hedabideak, tokikoak zein nazionalak, kinka larrian daude. Alde batetik, krisi ekonomikoaren eraginez-edo, diru iturriak murrizten ari zaizkie, iragarki gutxiago, diru laguntza gutxiago, salmenta gutxiago… Bestetik, komunikazio teknologia berrien ondorioz, irakurleen edo ikus-entzuleen ohiturak ere aldatzen ari dira. Eta horrek krisi ekonomikoari beste krisi bat gehitzen dio. Tokikom-eko jardunaldietan emango dugun mezua da garai hauek aukera gisa erabili behar direla, eta euskarazko hedabideek garai berrietara egokitu beharko dutela, bai lan egiteko moduaren aldetik, bai egituraketa eta elkarlan aldetik. Bakoitza txikia da bera bakarrik, baina kontuan hartu euskarazko hedabideetan lan egiten dutenak ia mila lagun direla, orotara.

Hain zuzen ere, zer paradoxa da hau, gero eta gehiago komunikatzen den garaian, ikus-entzunezkoek sekulako tokia hartzen dutenean gure bizitzan, ikus-entzunezkoetan krisia izatea?

Komunikazioak oinarrizko tokia dauka gure gizartean, eta ondorioz, komunikazioaren munduan lan egin nahi duenarentzat ere tokia izango da. David Remnick The New Yorker egunkariko zuzendariak El Pais egunkariari adierazi berri dio hauxe:

“Ikerkuntza, azalpen, istorioak ongi kontatzeko, botereari presio egiteko edota independentziari eusteko ohitura benetan zorrotzik gabe, ez dago kazetaritzarik. Eta kazetaritza mota hori oso garestia baldin bada ere, bada zerbait gizartearentzat askoz garestiago dena: kazetaritzarik ez edukitzea”.

Komunikazioaren, kazetaritzaren eta ikus-entzunezko sorkuntzen munduan kalitatea bermatuko duten profesionalak behar ditu gizarte honek, behar zituen, eta behar izango ditu.

Eta profesional horiek zuek izango zarete. Krisi ekonomikoaren eta aldaketa teknologikoen ondorioz, garai berrietara egokitu beharko dela erran dizuet oraintxe. Egokitzen ez dena atzean geldituko da. Orain, ideia berrien garaia da, eta ideia berriak gazteen esku izaten dira gehienetan.

Amerikako Estatu Batuetako bost gaztek, unibertsitateko ikasketak bukatu eta gero, erabaki zuten albiste txarrak eman beharrean, autobus zahar bat eskuratu, egokitu eta Estatu Batuetan gaindi ibiliko zirela erreportaje txiki batzuk grabatzeko, bidean aurkitzen zuten jende interesgarriarekin. Bus 52 proiektua izena eman diote, herriz herri dabiltza, eta haien ekimenak arrakasta itzela lortu du.

Ideia berriak, ilusioa, ausardia, antolaketa gaitasuna eta seriostasuna. Osagai horiekin bide ederra egin dezakezue. Etorkizuna zuen esku dago, zuek eraiki behar duzue zuena. Bide berriak bilatuz, arriskuak hartuz, zaila dirudi, baina asmatuko duzue, eta etorkizuna zuena izango da.

Eskema zaharretan gelditzen direnentzat da beltza zerua. Zuek zatozte atzetik, eta zuek aurkituko duzue zulo honetatik ateratzeko bidea.

Gaur, lizentziaturaren bukaera ospatzen dugu, baina batez ere, oparoa, interesgarria eta ilusionagarria izan daitekeen ibilbide profesional baten hasiera ari gara ospatzen. Zuetariko batzuk, ikus-entzunezko lizentziaturakoak, nire ikasle izateko plazer eta ohorea izan dut, eta ez daukat dudarik, bide eder baten hasiera dela gaurkoa zuentzat.

Egia da, nekez aurkituko duzue garai batez segurtasuna eman zezakeen enpresa baten babesa. Ez itxaron enpresa batek curriculumari erantzun arte. Zuek aurkitu beharko duzue zuen bidea, zuek eraiki beharko dituzue zuen proiektuak. Eta begira, zaila izan badaiteke ere, badauka bere alde ona: ez zarete nagusi baten langile izango; zuek izango zarete zuen proiektuen gidari, zuek izango zarete sortzaile.

Lizentziatura honetatik ilusioz ateratzeko garaia da, ameslarien garaia da, zuen ametsak proiektu bihurtzeko garaia. Xabier Letek dion bezala:

“Eta ametsa bilakaturik

egiaren antziduri

Herri zahar batek bide berritik

Ekingo dio urduri

Guztien lana guztien esku

Jasoko dute sendo ta prestu

Beren bizitzen edergai

Diru zakarrak bihotzik ez du

Lotuko dute gogor ta estu

Haz ez dadin gizonen gain”

Lehen erran dizuet, “ez dago inoiz arazorik; aterabideak daude bakarrik”. Zuen oraingo adina nuenetik orain arte, niretzat ipar-orratza izan den esaldi hori izan bedi zuentzat ere ipar-orratz. Ez galdu burutik esaldi hori, eta bizitzan aurkitzen duzuen edozein oztoporen aurrean, edozein etsipenen aurrean, gogoratu: “ez dago inoiz arazorik; aterabideak daude bakarrik”.

1913ko uholdeak Eskualduna astekarian

Duela zenbait egun bete ziren ehun urte, Aldude eta Baztan aldean sekulako uholdeak gertatu zirenetik. Berrian erreportajea egin zuten, orduko argazkiak ere sartuz. Nire aldetik, jakin nahi nuen garai hartan zer idatzi zuten, eta orduko Eskualduna astekaria irakurri nuen: lehen orri osoa eskaini zioten gertakari hari. Lehenik Baionako erredakzioko batek (Manex Hiriart-Urrutik, hain segur) kronika nagusia idatzi zuen, Baionako Errobi ibaian ikusi zuena kontatuz. Ondoko artikuluak herriz herriko kontakizunak ziren.

Ondoko lerroetan jarri dut Baionatik idatzia zen kronika, biziki ederra iruditu baitzait nola deskribatzen zuen han ikusi zuena, hango giroa, entzuten zena…

Joan den astelehen eguerditik oren bat ondoxean ohartzen hasi dire Baionan La Nive Cambotik heldu den ura goiti doala eta dena lur gorri, zikin, oro puzkateriaz betea.

Begiz ikusi ahala zalu eta gaindi joaki, gero-ta zurruburru gehiagorekin. Metaka heldu, itsas-ura samur denean bezala, mailka; gibeleko maila beti aitzinekoa baino gorago.

Zer da hau?… Leihoetarik beha, ur hegiko egoiliarrak oro. Uraren bi bazterrak eta hiru zubien gainak oren laurden batez beteak jendez.

Oro harrituak, non zer ote eta zeri ginauden!

Anartean, ura beti gaindi, oldar gaitzean: lapar, egur, abar hil eta bizi, solido, ernai zahar, laborantzako tresna, kadira, ohe zomier, ate-eliho, arbola oso errotik jali, gero-ta gehiago eta handiago; behi bat; zonbeit ardi; xerrikume eta urde larri;… bat segurik hiru kintalez goitikoa; zaldi, asto; ahate, antzara, oilo, zakur, apotzar, suge, musker berde, han iragaiten ikusi ez dutenik ez da.

Hil kutxa bat ere ba omen.

Batek hau ikusi, bertzeak hura. Ez balinba! Nola ditake hori? Bizi ala hil? Hango erasia!…

Eta oro beha, begiak luzatuz urerat. Huna suge alimale bat, haur baten besoa bezala, lepoa goiti altxatuz doala. – Bizi? – Ba naski! Beha zozu, gizona. – Huna bertze bat, ur hegirat ezin helduz ari; bipera izan behar da, – Ez – Ba…

Parasol giderraz batek laguntzen du sugea hegiratzen. Jali orduko, han berean kali.

Ureko sugeak izan behar ziren oro edo gehienak. Mendian urak lo hatzeman zonbeit ere ba naski.

Sant-Izpiritako ur hegi harri lauzaz estalietan omen zen biharamunean frango ageri suge hetarik, multzoka, non nahi. Beharrik ez dezakete min handirik nehori egin suge urekoek.

Arraina ere izitu du, zoratu, nahasi osoki uhaldeak; ur zikin, lurrez loditu hartan ezin bizi, ala nork daki zer? Zer nahi arrain hil omen da; eskuz bil ahala bazen tokitan, urak apaltzearekin, pentze eta landa zilo batzuetan geldituak.

Amarrain, kolaka eta bertze, zaretaraka hatzeman dutenak omen dire, Baionatik Milafrangan harat. Hetarik batek ziola: “Ogi ez artom ez belar, bertze deus ez badugu zeren igurik aurten, goazin, egur eta arrain poxi bat bederen dukegunez.”

Ez da jostetarik hor. Izigarriko malurak izan beahr dire: Ur hegiko errekolta guziak gal. Lurrak oro itsuski zikinduak behere hautan lohi gorriz eta purruskeriaz.

Husten, garbitzen, soro poxi bat bederen emaiteko heineratzen, zer lana!

Ur hegiz hegi, goiti joanago eta galtze handiagoak ez ote diren oro beldur.

Itxura guzien arabera, pentze eta landa osoak, lur erabili zenbat ez duke urak ereman burrustan? 

Hainbertzerainoko lur andana derama urak itzulipurdika mendi aldetik itsas alderat. Baionan untziak betez hartzen zuten hegitik ura, ikusteko zertsu zaukan eta zoin lodi. Erdinkala lur zolarat zohan berehala.

Zonbeit orgatara joan ahala baita hor harat!

Astelehen arratsalde guzian deus garbitasunik ezin jakin da Baionan.

Arratsalde eta gau guzia iraun du izigarriko ur jauste horrek, zer nahi zeramala.

Bizi direnen oroitean egundaino nehork ez dueula eskualde hautan holakorik ikusi, zioten orok.

Elur urtze edo eurite handi, luze batzuen ondotik hirian eta orotan urak ateratzen ba; bainan ez holakorik.

Non zer ote da gertatu? Biharamun arte, garbitasunik deus ezin jakin dugu.