Vallsek Iparraldea dantzan jarri du

1981etik hona gauzak anitz aldatu dira Ipar Euskal Herrian. Eta Manuel Valls Frantziako Barne Ministroak azkenaldian erakutsi duen jarrerak duela hamar urte esperoko ez zen erantzun bateratua eragin du: alderdi politiko guztietako – Vallsen alderdikideak barne – hautetsi eta arduradunak oso haserre agertu dira, eta itxura bateratua eman dute.

Hasteko, Ipar Euskal Herriarentzako egitura administratibo bat ukatzeko modu lehor eta bortitza izan da haserrea piztu duena: Espainiako hedabide batean, aldarrikapena ETArekin lotuz eta hautetsien gehiengoa gutxietsiz (“hautetsi batzuek eskatzen dute”). Egun batzuk lehenago Marilyse Lebranchu lurralde antolaketaz arduratzen den ministroak Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat hartu eta onarpenari begirako itxaropena eman ondoan, Manuel Valls-ek zeharkako bide bat erabiltzea eta ezezkoa hain gogor ematea ulertezina da, azken urteetan Iparraldearen lurralde ezagupenaren alde lan egin eta jarrerak elkartu dituzten guztientzat.

Frantziako Gobernuaren barneko lidergo lehiak ere egon daitezke kontraesan horren gibelean, baina baita beste faktore bat ere: Lebranchuren bileratik landa, Espainiako Gobernuak berehala deitu zion Frantziako Gobernuari, Ipar Euskal Herriari ezagupenik ez aitortzeko eskatuz.

Ez da lehen aldia. Baina ETAk borroka armatua utzi duenetik lehen aldia izan da. Espainiak Ipar Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzea eta Frantziak obeditzea harrigarri da; baina Valls-ek ordezkatzen duen sektore jakobinoak aitzakia gutxi aski du horrelako aldarrikapenen kontra egiteko.

Aitzakia bila ibili da ere Aurore Martinen atxiloketan zerikusirik ez zuela justifikatzeko, erranez berak ez duela ezer agindu, baina poliziari ez ziezaiokeela agindu legea ez betetzea. “Ohiko” kontrol batean atxilotu omen zuten, baina hainbat lekukotasunen arabera, Maule inguruak kontrolez josiak zeuden ordu hartan.

Lurralde Elkargoari buruzko erantzunetik egun gutxira eta Herrira-k deitutako manifestazioa baino aste bat lehenago gertatzeak, Aurore Martinen elkartasuna eta atxiloketaren kontrako kexua zabaldu baizik ez ditu egin. UMP eta PS bezalako alderdietako arduradun eta hautetsiak neurriaren kontra daude, hor ere ikusten dutelako Espainiaren esku-sartzea “Frantziako” aferetan. Ulertezina iruditzen zaie “Frantzian” legezkoa den aktibitate batengatik, Ipar Euskal Herriko herritar bat Frantziak berak Espainiako Justiziaren esku uztea.

Ororen buru, zer ikusten dute? Ipar Euskal Herria Espainiaren menpe dagoela, ez Frantziaren menpe. Abertzaleak ez direnek modu bikoitzean ikusten dute beren ekimena eta erabaki eskubidea zapaltzen dituztela: Frantziak eskaera horri kasurik ez eginez batetik, eta bestetik – eta hori zaie mingarriena – ukapenaren erantzule agerikoa Espainia izatea.

Abertzaleak ohituak dira horrelako egoeretara. Berria dena da orain arte Ipar Euskal Herriak funtsezko ezagupenik ez izatearekin bat zetozen hautetsi horiek guztien jarrera aldatu dela. Orain, haiek ere eskatzen dute Ipar Euskal Herriarentzako ezagupena; eskaera ez da gehiago gutxiengo abertzale batena, baizik eta alderdi orotako jendea biltzen duen gehiengo nagusi batena. 1981ean euskal departamendurik ez bazen sortu (Mitterrand-ek hitza jan zuen hartan) edota 1991n egitura administratibo propio bat sortzeko aukera zapuztu bazen, ageriko erantzuleak Ipar Euskal Herriko hautetsiak ziren. Frantziako Gobernuak erran zuen Ipar Euskal Herrian ez bazuten halakorik nahi, ez zutela sortuko.

Orain, ordea, politikarien artean bilakaera bat gertatu da. Ipar Euskal Herriak erabakiak hartzeko tresnak falta dituela ikusi dute azken hogei urteetako esperientziaren emaitzetan oinarrituz. “Sasi-erakunderik” ez dute nahi. Orain, benetako erakundeak sortzeko garaia dela uste dute. Hori lagundu du Frantziako lurralde antolaketaren erreforma proiektuak, baina baita ere gizarte zibilean Ipar Euskal Herriaren ezagupenaren eskaerak lortu duen babes zabalak, Batera plataformaren inguruan bereziki. Bestetik, 2012ko udaberriko hauteskundeetan, ezagupen instituzionalaren aurkari sutsuenek aulkia galdu zuten. Michele Alliot-Marie bezalako baten ordez Sylviane Allaux diputatu izateak ere anitz lagundu du. Gauza bera Baionan, Colette Capdeviellekin. Biak ere sozialistak, Vallsen alderdikideak.

Orain, ikusi behar da zein izango den hautetsi horien guztien jarrera etorkizunean. Larunbatean Herrira-k deitu duen manifestaziora joanen direla iragarri dute (pentsa Hego Euskal Herriko sozialistak eta PPko zenbait urtarrileko manifestaziora joaten direla!). Zein jarrerarekin segituko dute?

Bestalde, zer eginen du Marilyse Lebranchuk? Urtarrilean etorriko al da Euskal Herrira bisitan, hitz eman zuen bezala? Zer errateko?

Badago beste elementu bat ere, eztabaida honetatik baztertu behar ez dena: aurtengo Lurrama ekitaldian, Frantziako Laborantza Ministroaren bisita izan dute. Euskal Herriko Laborantza Ganberari zilegitasun baten aitortza izan zen hori, nahi ala ez. Historikoa da, ikusita Frantziako Estatua zein gogor aritu den Laborantza Ganberaren aurka. Laborantza Ganbera ofizializatuko dutelako seinale da? Horrekin kontsolatu nahiko dute lurralde elkargoa ez sortzea? Eta hori nahikoa izanen da Ipar Euskal Herriko klase politikoa lasaitzeko?