Pribatutasunaren aitzakia

(Berria-n argitaratua)

Bota du prefetak, ahalkerik gabe: Seaskaren lana funtsezkoa izan zen euskararen berreskurapenean, orain, eskola publikoetan ere euskara ikasten da, eta beraz gurasoek aukera dute publikoaren eta pribatuko murgiltze ereduaren artean. Ez da sekula berantegi egindako lanari balioa aitortzeko, baina, Frantziako Estatuaren izenean, barkamena eskatuko al die 70eko eta 80ko hamarkadako Seaskako irakasle, guraso eta ikasleei, jasan zuten mespretxua eta tratuagatik? Zergatik eskertu orain euskararen alde egin den lana, mendeetan zehar suntsitzeko zazpi ahaleginak egin dituztenean?

Zinismoa muturreraino daramate azken hilabeteetan Pauetik eta Baionatik lerro-lerro pasatzen ari diren prefeta eta suprefetek edota administrazio auzitegietako epaileek. Hendaiakoaren ondotik, Beskoitzeko ikastola berriaren proiektua daukate jomugan. Eta logika horretan segituz, zenbait urte gibelera garamatzate. Ikastolaren egoitzak ez omen daitezke diru publikoz eraiki edo lagundu, eskola publikoan euskara irakasten delako.

Fede txarrez ari ez denak badaki eskola publiko frantses bateko gela elebidunean ikasten duenak ez duela murgiltze ereduan ikasten duenaren euskara maila lortzen. Horrez gain, eskola publikoetako eskaintza horrek, kasu anitzetan, ez dauka jarraipenik 12 urtetik gorako ikasleentzat. Euskararen alde ari direla errepikatuz, paparra altxatzen duten frantses administrazioko ordezkari horiek uste ote dute horrekin aski dela ondorioztatzeko Seaskak egiten duen lana ez dela gehiago funtsezkoa eta pribatuaren alde leudekeen “pribilegiatu” batzuen kapritxoa baizik ez dela ikastolara joatea?

Funtsean, eskola publikoaren eskaintzarekin euskararen beharrak asetzen direla erranez, Frantziak erakusten du euskara dosi biziki homeopatikoan nahi duela, aniztasunaren irudia saltzeko. Irudia bakarrik.