Unibertsitaterik gabeko ikasketak?

Unibertsitateak alferrik ote? Le Monde egunkarian irakurri berri dudan erreportaje baten arabera, aurkari sendoak dauzka. Steve Jobs (Apple), Bill Gates (Microsoft), Mark Zuckerberg (Facebook), Larry Ellison (Oracle), Michael Dell (Dell Computers) eta Evan Williams (Twitter). Hautariko inork ez zituen ikasketak bukatu. Google-eko sortzaile Sergei Brin eta Larry Page, aldiz, lizentziaturara mugatu ziren, ez zituzten ikasketak jarraitu.

Peter Thiel PayPal-en sortzaile eta Facebook-en inbertsioa egin zuenak unibertsitate klasikoaren kontrako jarrera aldarrikatzen du, bi diploma baldin badauzka ere. Honen ustez, unibertsitatea denbora galtze bat da, bereziki ikasle oso argientzat, eta dio Facebook eta horrelakoak sortu zituztenek ikasketak bukatu arte itxaron balute, aukera galduko zutela. Gainera, unibertsitatea gero eta garestiago dela, eta horrek etorkizunean arazoak sortuko dituela uste du.

Gazteak unibertsitatetik desbideratzeko asmoz, 20 under 20 izeneko programa bat jarri du martxan Thielek. Hogei urtetik beherako hogei gazte aukeratzen ditu, eta bakoitzari 100.000 dolar ematen dizkio bi urteko programa batean, start-up, gobernuz kontrako erakunde bat edo ikerketa proiektu bat martxan jartzeko. Baldintza da, ikasketak uztea programa horrek irauten duen bitartean. Horrekin batera, gazte horiek Sillicon Valley-ra joatera bultzatzen ditu.

Programa honen alde egin dutenek diote unibertsitatean ez dela ematen aukerarik proiektu independente bat garatzeko, eta unibertsitatetik kanpo asko ikasteko aukera dagoela, artikulu zientifiko berrienak irakurriz adibidez; aldiz, unibertsitatean lantzen diren liburuak, azkar gelditzen direla jokoz kanpo. Halaber, gaur egun, jakintza guztia doan edo oso merke eskura daitekeela diote, Internet-ek horretarako bidea eskaintzen duelako. Gero eta gehiago garatzen ari dira, bestalde, Internet bidez zabaltzen diren doako unibertsitate ikasketak. Egoera horrek gaur egungo unibertsitateak zaharkitzeko arriskuan jar ditzakeela ematen du.

Honekin lotuta, Amerikako Estatu Batuetan badago Uncollege izeneko enpresa bat, unibertsitaterik gabeko ikasketak aldarrikatzen dituena. Bertako ikasleek ikasten dute ikasten, nola aurkitu aholkulari onak edota ikasteko baliabide onak gizartean. Garrantzia ematen diote motibazioari, helburu zehatzak finkatzeari, autoebaluazioari…

Peter Thiel, ordea, eskuin libertarioen lerrokoa diote zenbait intelektualek. Vivek Wadhwa unibertsitariaren arabera, Thielek zergak murriztea aldarrikatzen du, erranez unibertsitateak garestiegi ateratzen zaizkiola gizarteari. Wadhwa-k ez du begi onez ikusten 20 under 20 ekimena: ikasleak unibertsitatetik urrunduko dituzte, baina finantzen eta puntako teknologien munduarekin bakarrik egongo lirateke harremanetan, eta haien bizitza esperientzia oso mugatua izango litzateke.

Ematen du Thielen ideia arrakasta lortzen ari dela munduan zehar. Unibertsitate munduak badauka gogoetatzekoa: jakintza transmititzeko modua anitz aldatzen ari da eta aldatuko da. Ez nago ados, hala ere, Thielekin, uste baitut unibertsitateak beharrezkoak eta funtsezkoak direla mundu honetan, baina gero eta gehiago bideratu beharko dugu gure lana ikasleei ikasten ikasteko giltzak ematera, ikasleak autonomo bihurtzera, ikasleak beren proiektuak garatzen laguntzera… Hots, irakaslea klasearen erdigunean izan beharrean, ikaslea bera bihurtu behar dugu protagonista.

Advertisements