Naziotik estatura. Zein fasetan gaude?

“Euskal nazionalismoa XXI. mendean” nazionalismoari buruzko masterrak II. Kongresua egin zuen atzo Bilbon. “Naziotik estatura XXI. mendean” izan zen atzoko gaia, eta arratsaldeko mahai-inguruan parte hartzera deitu ninduten, Gaizka Aranguren, Xabier Barandiaran eta Urko Aiartzarekin batera. Bi galderaren inguruan prestatu nuen atzoko saioa, eta ondoko lerroetan jarriko ditut atzo erran nituenak eta denbora faltagatik erran gabe gelditu zirenak.

Naziotik Estatura, nola ikusten duzue bidea? Zein fasetan egongo ginateke gu?
Hasteko, nolako euskal estatua irudikatzen dugu? Zazpi herrialdeak bilduko lituzkeena? Hori da abertzaleek nahi duguna edo amesten duguna. Errealitatea konplikatuagoa da, alde administratibotik eta, bereziki, politikoki. Alde administratibotik, hiru egoera baldin badaude ere, nik bi ikusten ditut, zazpi herrialdeentzako independentzia oztopatzeko heinekoak: Frantziaren menpe dagoen eremua batetik, Espainiaren menpe dagoena, bestetik.

Hego Euskal Herrikoa, teorian, borondate edo akordio politiko batekin gaindi daitekeen muga administratiboa da. Zergatik ezin da egin erreferendum bat Nafarroan eta EAEn bietan batera? Funtsezko arazoa politikoa da, edo bi eremuetako indar harreman ezberdina. Pertsonalki, eremu osoa kontuan hartuta, nazio sentimenduaren indarra ez dut aski handia ikusten, Hego Euskal Herriak bere osotasunean independentzia lortzeko.

Ipar Euskal Herriarekin, egoera are gehiago konplikatzen da. Ipar Euskal Herrian, Frantziari begira abertzaleek duten indarra zinez ahula da. Nahiz eta bozetan lortzen duten %10-15 bitarteko emaitzari esker, arbitro papera bete dezaketen, zenbaki horrek berak erakusten du Ipar Euskal Herriko zenbatek uste duten Euskal Herria dela beren nazioa: hamarretik batek, asko jota. Gehiengo handi batentzat nazioa Frantzia baldin bada, ia ezinezkoa da lortzea Ipar Euskal Herria Frantziatik bereiztea eta euskal estatu batean sartzea.

Azken hamarkadetako bilakaerak ez du itxaropenerako tarte handirik uzten. Abertzale kopurua nahiko egonkorra da. Eta kopuru horrekin bakarrik ezin da pentsatu Ipar Euskal Herria independentzia prozesu batean sar daitekeenik.

Egoera horren erroak oso sakonak dira. Batetik, Iparraldeko jendeak historikoki hainbat gerla egin ditu Frantziaren alde, frantsesekin eskuz esku. Hori funtsezko elementua da Iparraldekoen frantsestea ulertzeko. Hegoaldekoek, aldiz, harreman gatazkatsuagoa izan dute Espainiarekin.
Bestetik, ez dauka erakargarritasun maila bera espainiarra izateak edo frantziarra izateak. Euskalduna izatea baino ohoragarriagoa da espainiarra izatea? Zein da Espainiaren herentzia ezaguna? Berriena frankismoa, gizarte atzerakoi eta oso katolikoa, gaur egun mundu osoko “ikasle txarrenetarikoa”…

Aldiz, frantziarra izateak beste ohore bat ekar dezakeela uste du euskaldun askok. Frantziako Iraultzaren herentzia, “la grandeur de la France”, herri zibilizatuen erreferentzia, estatu prestigiosoenetariko bat… Frantziarekin batera gerla egiteaz gain, euskaldun askoren ustez, frantsesa izatea gauza ederra da. Eta anitzek nahiago izan dute euskara ukatu eta ez transmititu, eta frantses bihurtu. Hegoaldetik 36ko gerla garaian errefuxiatu gisa joan ziren euskaldun frankorentzat ere ohoragarria da beren seme-alabak Frantzian zein ongi integratu diren ikustea, eta hori maiz pasatzen da euskaldun izateko ordez frantses bihurtzetik.

Mugimendu abertzaleak ez du lortu egoera hori aldatzea, ez duelako nahiko baliabiderik, ez indarrik, eta beharbada estrategiarik ere ez.

Lurralde Elkargoaren alde lortu den batasun zabala itxaropen iturri izan daiteke. Baina, kasu! Aldekoen zati handienak ez du dudan ezartzen frantses izaten segitu nahi izanen dutela. Ez dute bat eginen independentziaren eskaerarekin. Behin lurralde elkargoa lortuta (noizbait lortzen bada), abertzaleak bakarrik izanen dira beren proiektuarekin. Lurralde Elkargoak aukera berriak zabalduko lizkieke beren ideiak gehiago zabaltzeko eta eragina handitzeko?

Balizko euskal estatu batek – lau herrialdekoa edo hirukoa – Lurralde Elkargoarekin edo gabe, erakarmen indar bat izan lezake, Iparraldeko jendearentzat. Eragin bat izan lezake. Lurralde Elkargoa ere existituko balitz, bi erakundeek harreman hurbila izango lukete. Horrek ere eragin baikorra izan lezake.

Zazpi herrialdeko estatua urrun ikusten dut, biziki urrun. Pragmatikoa ote litzateke eremu aitzinatuena estatu bihurtzea? Estatutik kanpo gelditu direnak erakartzeko aukera ikus daitekeen bezala, arriskua ere ikusten dut: are gehiago urruntzea. Iruditzen zait, gainera, azkenaldian Iparraldea eta Hegoaldea elkarrengandik urruntzen ari direla (1).

Ideia interesgarri bat sortu zen 1998an, Euskal Herria bere osotasunean josten zuena: nazio eraikuntzaren estrategia, Udalbiltzarekin besteak beste. Orain arte arrakasta lortu duten formulak horiek izan dira Euskal Herrian: ematen ez dizkiguten tresnak sortu. Iparraldean hori egin dute Laborantza Ganberarekin, eta noizbait ofizialki onartua izatea lortuko du, ikastolek lortu zuten bezala. Horren lekuko aurten Frantziako Laborantza ministroa izan zela Laborantza Ganberaren urteurren ekitaldian.

Zeintzuk dira gure ahuluneak eta indar-guneak?
Ahuluneak:
•    estrategia garbirik ez dagoela;
•    batasun politikorik ere ez, are gehiago, zatiketa giro handia EAJren eta EH Bilduren artean. EAJ ez da oso bero ageri;
•    eremuen arteko egoera oso desberdinak (dena ez da Gipuzkoa, eta Gipuzkoan ere dena ez da Goierri);
•    gehiengoa, abertzaleak barne, Espainiari eta Frantziari begira (ikus euskal hedabideek dituzten erreferentziak, ereduak…);
•    zeinen menpe eta Espainiaren eta Frantziaren menpe egotea.

Indarguneak:
•    Borroka armatua behin betiko uzteak sortu duen egoera berria, aukera berriak zabaltzen ditu
•    Kanpora begira zilegitasun gehiago ematen digu
•    Batasun batzuk sortzea ahalbidetu behar luke (ez da lortu)
•    Eskoziako eta Kataluniako dinamikak lagungarri dira.

(1) Gaizka Aranguren-ek Gure Esku Dago-ren bideo-klipa jarri zuen bere diskurtsoa laguntzeko. Eta elementu oso adierazgarri batez ohartarazi gintuen. Bideoan ageri den kolorea berdea dela, ez dela horirik ageri: dauden plano guztiak Euskal Herri atlantikokoak direla; hots Nafarroaren zati handi bat eta Araba falta zirela. Horren haritik gehitu nuen nola ari zaizkigun egunero Euskal Herria EAEko eremura mugatzen, baita Euskal Herriaren zazpi herrialdeetako lurralde ikuspegia aldarrikatzen dutenak ere, datuen berriak ematean adibidez.

Entzuleen artean izan nuen galdera bati erantzun nion gero. Euroeskualdearen aukeraz galdetu zuen. Erran nuen azken urteetan ohartu naizela duela 10-15 urte baino gutxiago aipatzen dela euroeskualdea. Kasu guztietan, oraingoz Akitania-Euskadi litzatekeela eskualde hori, eta hor Euskal Herriak lurraldearen erdia baizik ez duela hartzen. Lurralde Elkargoarekin beste aukera bat sor daitekeela gehitu nuen. Eta ohar bat: isunak ordaintzeko akordioetara heldu badira ere, eguneroko bizitzan zenbateko trabak sortzen dizkigun bi estaturen menpe egoteak, telefono konpainiekin edo tren zerbitzuekin, adibidez.