Noiz da amaren eguna?

Gaur, amaren egunaren harira, hainbat euskal twitterlari amaren abizenarekin agertu zaizkigu. Nik dakidala, heldu den igandean ez da amaren eguna ospatuko, ez ene etxean bederen. Hain zuzen, amaren eguna estatu batetik bestera egun desberdinetan ospatzen da. Ipar Euskal Herrian, Frantziako ohiturari jarraikiz, maiatzeko azken igandean ospatzen da (edo ekaineko lehenbizikoan, azken igandean Mendekoste baldin bada). Amaren eguna, Hego Euskal Herrikoek ospatuko dute heldu den igandean, maiatzeko lehenbiziko igandean ospatzen baita Espainiako estatuan.

Eta Euskal Herrian noiz ospatu behar dugu, beraz? Espainiarrek bezala, maiatzeko lehen igandean? Frantziarrek bezala, azken igandean? Beste proposamen bat egingo nuke.

Espainiaren egun berean ospatzen duten estatuak bost dira (Espainia,Hungaria eta Lituania, Mozambike eta Portugal). Frantziaren egun berean ospatzen dutenak, aldiz, zortzi (Algeria, Dominikar Errepublika, Frantzia, Maroko, Haiti, Maurizio, Suedia eta Tunisia). Anitzez gehiago dira, ordea, martxoaren 8an ospatzen dutenak (19 estatu). Beste hainbestek ospatzen dute martxoko ekinokzioan. Baina, bereziki, maiatzeko bigarren igandea da estatu gehien-gehienetan amaren eguna ospatzen dutena, hala nola munduko 83 herrialdetan (Europako herri hauetan: Alemania, Austria, Belgika, Danimarka, Eslovakia, Finlandia, Grezia, Herbehereak, Islandia, Italia, Kroazia, Liechtenstein, Malta, Suitza, Txekiar Errepublika, Ukraina eta Zipre).

2 thoughts on “Noiz da amaren eguna?

  1. Bai horixe! Kontu honetan eta beste anitzetan ere ikusten da asimilazioaren eragina. Honetan ere horren kontzientzia hartu, gogoeta egin (Enekok garbi egin duen moduan) eta aurre egitea da bidea. Eskerrik asko gogoeta hau plazaratzeagatik Eneko.

  2. Kontu honetan eta beste askotan ikusten da asimilazioaren eragina bai. Baina galderak ez ditugu bururaino eramaten : amaren egun ospatu behar al da? zergatik bai? zergatik ez?

Leave a reply to azalaren azpian Utzi erantzuna